Sarako pilotarien irudiak ezarri dituzte herriko zenbait etxetako paretetan

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 13a, 12:00

Iparraldeko Pilota Batzordearen mendeurrenaren karietara

Iparraldeko Pilota Batzordeak 100 urte bete ditu aurten antolatua izan zela eta, karia horretara, manifestazione ainitz eginen ditu elkarteak. Herri ainitzek onartu dute beraien laguntza ekartzea eta beraien pilotari famatuen afitxak eman dituzte etxe paretetan. Saran, erraterako, plazako Etxeberriko paretean, alde batean, Jean Lemoine eta bertzean Paul eta Jean Fagoaga anaien irudiak ezarri dituzte, hiruak txisteraka arituak. Lur Berri gelaren paretan, berriz, Inazio Etxebeste ageri da, esku huska aritu zen pilotaria.

Saran izan dira ainitz pilotari, partikulazki txisteraz aritutakoak. Badira oraino ere, baina lau horiek fenomenak ziren eta oraino ere ainitz jende oroitzen da horien balentriez eta zein joko ederra zuten!

 

Liburuan ere

Bertzalde, Iparraldeko Pilota Batzordeak liburu bat ere egin du, 100 pilotari famatu baino gehiagoren argazkiekin. 15 eurotan salgai da. Interesatuek erreserba egin behar dute 05 59 29 59 40 telefonora deituz edo info@ipp-ctpb.eus helbide elektronikora idatziz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun