Haira Aizpurua Ibargarai

«Ongi pasatzen dudan heinean segi nahiko nuke bertsotan»

Ttipi-Ttapa 2023ko uzt. 9a, 08:00
Haira Aizpurua agurra kantatzen txapela irabazi berritan. Irudia: Xenpelar Dokumentazio Zentroa.

Bertsotan eskolarteko seigarren txapela irabazi berri du Haira Aizpurua Ibargaraik. Txapelketaz gaindi, aitarekin eta anaiarekin trebatzen da etxean eta gustura aritzen da, «giro goxoan»

Lapurdiko, Baxenabarreko eta Zuberoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa eta Euskal Herriko Eskolartekoa irabazi ditu berriki Haira Aizpurua Ibargarai bertsolariak. 16 urte bertzerik ez dituen arren ibilbide oparoa osatzen ari da bertsotan, horren seinale Iparraldekoa laugarrenez irabazi duela eta Euskal Herri mailakoa bigarrenez. Eskolarteko lehiaz gain plazaz plaza ere ari da eta hala segi nahiko luke hemendik aitzinera ere.

Pasa dira aste batzuk finala irabazi zenuenetik. Nola oroitzen duzu Iurretako saioa?

Niri aski fite pasa zitzaidan saio eta momentu berezi bat bezala oroitzen dut, giro aldetik biziki giro ona eta goxoa izan zela, aski lasai sentitu nintzela, eta denek saio on bat egitea lortu genuela.

Gustura sentitu zinen oholtzan?

Bai, egia erran bai. Pixka bat bitxia egin zitzaidan azkena kantatzea. Hori oroitzen dut, normalki ez dudalako inoiz kantatu azken, eta pixka bat bitxia egin zitzaidan hori hasieran, baina, gero, moldatu nintzen eta ongi sentitu nintzen.

Oro har, nolakoa saioa joan zela erranen zenuke?

Nik uste dut saio ona izan zela. Zortziko handian baino hobea, beharbada, zortziko ttipian. Handian egia da ez ginela sobera berotuak eta gaiak ere pixka bat konplikatuak zirela, baina erranen nuke saio ona izan zela.

«Geroz eta gehiago lotzen ari naiz bertsolaritzari»

Bukaerako agurrean bertso udalekuetako lagunak aipatu zenituen. Zenbateko garrantzia du bertsotan komunitate baten parte sentitzeak?

Nire ustez da zerbait sentitu dudana urteak joan ahala. Egia da hasierako txapelketetan ez nuela hainbeste jende ezagutzen, ez nituelako horrelako harremanak eta diferentea zen. Iristen nintzen leku batera non jendea ez duzun sobera ezagutzen. Gero, gainera, haiekin kantatu behar duzu eta kantatzeaz aparte oholtzan zauden momentuetan lagun talde bat edo komunitate bat duzunean, errazago eta erosoago kantatzen duzu. Final horretan banituen lagunak bai oholtzan eta bai publikoan, eta laguntzen du aunitz.

Euskal Herrikoaren aitzinetik Iparraldeko eskolarteko txapelketa ere irabazi berri duzu laugarrengoz. Gustura aritu zinen bertan?

Bai, egia erran bai. Aski lasai eta kontzentratua joan nintzen. Ontsa joan zen. Banituen lagunak hor ere eta baita anaia ere eta biziki gustura egon nintzen.

Anaia aipatu duzu. Berezia izan zen berarekin kantatzea?

Bai. Anaia izaki eta finala izaki, niri ilusio handia egin zidan, eta bai, berezia izan zen. Iparraldeko eskolartekoa lau aldiz irabazi duzu, eta Euskal Herrikoa bitan.

Zenbateko garrantzia dute horrelako sariketek zuretzat?

Final bakoitza desberdina izan da. Eskolartekoak gure lehen plazak dira, eta gero markatzen zaituzte pixka bat, baina nik aski ongi bizi ditut.

Plazaz plaza ere bazabiltza. Nolakoa izaten ari da plazetako ibilbidea?

Momentuz biziki gustura aritzen naiz. Ahal bezala baliatzen ditut ditudan plaza horiek eta harremanak egiten ditut saio horien bidez. Plazer hartzen dut.

Zein leku du bertsolaritzak gaur egun zure egunerokoan?

Ez da erraza beste aktibitateei, ikasketei eta bertsoari leku bat ematea. Baina gero eta leku gehiago du beharbada, eta leku hori hartzen ari da lotzen naizelako geroz eta gehiago. Biziki ongi pasatzen dut bai saioetan eta bai bertso eskoletan ere, eta leku ederra hartzen du.

Zeinekin aritzen zara bertso eskolan?

Bertso eskola etxean egiten dugu ene anaiarekin eta aitarekin. Nik biziki ongi pasatzen dut, giro goxoan. Eskolatik etortzean egiten dugu eta egunean egindakoak aipatzeko baliatzen dugu.

Uda iristearekin bat goiti egiten dute bertso saioek. Nolako uda aurreikusten duzu?

Ikusiko da. Ditudan aukera horiek baliatu nahiko nituzke, gogotsu nago, eta ongi pasatzen dudan heinean segitu nahiko nuke.

Zein bide egin nahiko zenuke bertsotan?

Momentuz ongi pasatzen dudanez segitu nahi dut, eta plazak etortzen badira ahalik eta ongien pasatu nahi dut.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun