Espekulazioaren kontrako borrokak ez du etenik Senperen, eta salmenta espekulatiboa salatzeko Olha etxaldea okupatu zuten atzo 40 bat lagunek. Adierazi dutenez, helburua lortu arte bertan egonen dira.
Duela aste batzuk jakin zuten salmentaren berri. 50 hektarea inguruko jabetza da; horietatik zazpi hektarea laborantzakoak dira eta gainerakoa, gehiena, oihana da. Egoera kaskarrean dagoen etxebizitza ere badu. Eta jabeak 1,3 milioi eurotan saldu nahi du.
Horren karietara hainbat elkarrizketa izan dituzte azken asteotan eta bilkurak ere egin dituzte aterabideak atzemateko. Salmenta bi zatitan banatzea proposatu zuten jabeak eta erosleek: lurrak 200.000 eurotan eta etxebizitza 1,1 milioi eurotan. Baina proposamena baztertu zuten kolektiboko kideek eta ekintzetara pasatu dira. Mezu argiak luzatu dituzte: Espekulazioari ez, Etxebizitza denontzat, Euskal Herria ez da salgai, Nekazaritza lurrak arriskuan...