Patxi Etxeberrigarai

«Kasik egunero joaten naiz mendira korrika egitera edo entrenatzera»

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 25a, 08:00

30 urteko gazte saratarra da Patxi Etxeberrigarai. Denbora mendian pasatzea eta kirola du gustuko, eta «pixka bat guziak segitzen ditut: futbola, errugbia, txirrindularitza, pilota…».

Errugbitik atletismora

«Betitik» egin izan ditu kirolak Etxeberrigaraik, hala nola, pilota, saskibaloia, atletismoa eta errugbia. «Atletismoan ari nintzenean lagunek eraman ninduten errugbira. Hor talde giroa atzeman nuen azkar, eta plazer handia izan zen aritzea». 

Hala ere, duela hiru urte, ia 15 urtez aritu ondotik, uztea erabaki zuen, «denbora gehiago ukaiteko haurrekin». Orduan, «indarrak erabiltzen ahalko nituen kirol bat atzemateko beharra nuen, beraz, bizikletan eta pixka bat mendian korrika hasi nintzen».

Baina ez zuen aski; lehia falta zuen, «eta lehia hori desafioetan ukan dut. Nire lehen desafiorako, pentsatu nuen: ea kapable naizen Senpereko 80 kilometroak egiteko. Lagun bateri galdetu nion zer egin behar nuen ongi prestatzeko eta lortu nuen!. Hortik Iban Hirriart Urrutirekin hasi nintzen lanean, bera entrenamenduak lantzen eta ni desafioak hautatzen».

Mendiz mendi

Gaur egun, «kasik egunero joaten naiz mendira korrika egitera edo entrenatzera, familiarekin ibiltzera, bizikletan ibiltzera…Pirinioetan ibiltzea aunitz maite dut; hemengo mendiekin konparatuta handiagoak dira eta laku zoragarriak dituzte bertan».

Baigorriko Ultra Trail mendi lasterketan parte hartu zuen maiatzean, 130 kilometroko ibilbidea, eta baita emaitza ona lortu ere, seigarren postuan ailegatu baitzen. «Zinez egun goxoa pasatu nuen. Helburu bezala 18 ordutik beheitiko denboran egitea nuen, eta 17 ordu eta 53 minututan egitea lortu nuen. Zer plazerra!». Azaldu duenez, «nire helburuak beti denbora markak izaten dira».

Helburuak ez ezik, ametsak ere baditu lasterketen munduan; «Diagonale des Fous lasterketan parte hartzea da nire ametsa, eta berantago Tor kurtsak Italian». Honez gain, agorrilean L'echappée Belle lasterketan parte hartuko du Alpeetan. 149 kilometro eta 11.300 metroko desnibela ditu lasterketak, «eta gogo handia daukat».

Etorkizunera begira

Gustura aritzen da lasterka Etxeberrigarai, «eta errugbian bezalako taldea sortzea lortu dut: Ibanek laguntzen dit entrenatzen, David Iratzokirekin burua lantzen dut, emazteak indarra ematen dit eta familiak kurtsetan eta eguneroko bizitzan laguntzen dit. Beraz, ez nago bakarrik, talde bat gara!».

Etorkizunera begira, asmoak argi ditu: «nire haurrez baliatzen segitzea, gure momentuak ukaitea eta mendietan plazerra hartzen segitzea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun