Toki erakunde batek bultzatutako lehen webgune turistiko inklusiboa estreinatu du Zugarramurdik

Ttipi-Ttapa 2023ko eka. 2a, 15:30

Edozein pertsonak erabil dezake Zugarramurdiko turismoaren webgune inklusiboa.

Irisgarritasunari buruzko arautegiarekin konprometitutako ahalegin baten emaitza da turismozugarramurdi.com webgunea, eta, horri esker, edozein pertsonak erabil dezake, edozein gaitasun, ezagutza, adin edo gailu duela ere. Nafarroako toki entitate batek bultzatutako lehen turismo webgune inklusikoa da.

Zalantzarik gabe, gaur egun turismoa gero eta gehiago emozioa, entretenimendua eta hezkuntza da, eta, beraz, Zugarramurdiren eskaintzarekin bat egiten duten ekimenak bizipenen ikuspegitik planteatzen dira. Behar bada horregatik finkatu da Zugarramurdi azken urteotan Nafarroako erreferente turistiko gisa; izan ere, 2022an Nafarroan gehien bisitatu den bigarren baliabide turistikoa izan da, eta gauza bera gertatzen zaio Sorginen Museoari, urte horretan berean sarrera gehien erregistratu zituen bigarren ekipamendu museografikoari.

Baina bizipen horiek pertsona guztien eskura egon behar dute, eta, horren ondorioz, leizea eta museoa kudeatzen dituen Zugarramurdiko Garapena enpresa kudeatzaileak irizpide inklusiboekin egindako webgune turistiko berri bat bultzatu du. Izan ere, Zugarramurdiko Garapenaren jarduera nagusia herriaren natura- eta kultura-ondarearen kudeaketa jasangarrian oinarritzen da, batez ere bisitak diseinatuz eta eginez; baina, ikuspegi integratzaile batetik, bisitarientzat zein herritarrentzat interesgarriak diren gozamen- edo ikaskuntza-esperientziak dakartzaten jarduerak sustatzen ditu, denentzat eskuragarri izan daitezen lan eginez.

 

Ainhoa Agirre zuzendaria: «Irisgarritasuna ez da legezko betebeharra soilik»

Ainhoa Agirre zuzendari/kudeatzailearen arabera, «irisgarritasuna ez da legezko betebeharra soilik; pertsona ezgaituek eta adinekoek dituzten irisgarritasun-beharrekin enpatizatzen dugu, eta, horregatik, zailtasun funtzionalak dituztenen (entzumen-, ezagutza-, fisika- edo ikusmen-arazoak dituztenak) esperientziaz gozatzeko urratsak ematen ari gara. Horri dagokionez, erran dezakegu web orri hau irisgarritasunari buruzko egungo araudiarekin konprometitutako ahalegin baten emaitza dela, eta, horri esker, edozein pertsonak, dituen gaitasunak, ezagutzak, adina edo erabilitako gailua edozein izanda ere, erabat erabil eta goza dezakeela».

Aitzinetik lan aunitz gelditzen da, baina Zugarramurdiko leizeko arduradunek uste dute bisita daitezkeen baliabideek hainbat premia dituzten pertsonen gozamenari eta parte-hartzeari buruz lan egin behar dutela, eta, beraz, bertze lan-ildo batzuen artean, Zugarramurdin aitzinera egiten segituko dute aisialdi inklusiboan eta guztiontzako bisitetan.

Elizondoko Klikatu Zerbitzu Digitalak enpresak sortu du webgunea, Iddeas Fundazioarekin elkarlanean. Klikaturen ustez, lankidetza horrek ikaskuntza ekarri du, irisgarritasunari buruzko kontzientzia hartzea. Luis Casado Iddeas Fundazioko Luis Casado presidentearen arabera, berriz, «inklusioak pertsona guztiei zerbitzuak eskaini nahi dizkieten baliabide turistiko guztien web orrietan egon behar du. Hori funtsezkoa da ezintasunen bat duten pertsonek informazioa jaso eta Zugarramurdin bizi dezakegun bidaia edo esperientzia zirraragarri batekin ilusioa izan dezagun».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun