Ehunka lagun bildu ziren larunbatean Senpere eta Azkaine arteko errepideko Zubiondoa atekamotzean. Bertan kokatu du Anai Arteak 2016. urtetik lantzen aritu den Euskal Populuaren Historiaren Oroilekua; eta maiatzaren 27an, larunbatean aurkeztu zuten monumentua jendaurrean.
Aurkezpenean izan ziren Anai Artea elkarteko kideak, baita Hiri Elkargoko Lehendakaria Jean René Etchegaray, eta inguruko auzapez eta hautetsi zonbaitzuk ere, bertzeak bertze.
Hiru ordu laurdeneko egitarauak orotariko aurkezpenak barnebildu ditu. Hasteko, oroilekua eraiki duen Iñaki Iriarte Sarako artistak txalapartarekin agurtu ditu gonbidatuak. Ondotik, Erramun Martikorenak eta Martxel Bravek musikaz alaitu dituzte bertakoak. Anai Artearen izenean ongietorria eman du Bixente Garcia kideak, Jean Fagoaga, Anai Artea elkarteko ohorezko lehendakariaren hitzak irakurriz. Bernard Elhorga Senpereko auzapezak gauza bera egin zuen herriko etxearen izenean.
Ondotik, Anai Arteako kide diren Mixel Mendiburu eta Andoni Iturriozek hitz batzuk eskaini zituzten parke hau sortzera eraman dituen arrazoiak eta garatze prozesua azaltzeko. Mendiburuk proiektua ahalbidetu duten pertsona guztiei aipamena egin zien: «Dominique Iriarte, lurra emateagatik; atal bakoitzeko informazioa idazteko edukia eskaini duten historialariak; bideoetan euren boza eman dutenak; eta Senpereko Herriko Etxea».
«1960tik 2010 arte, motibazio humanistak eta politikoak bultzatu du Anai Artearen egitekoa», azaldu zuten. «Espainiako diktaduratik ihesi hastapenean eta Espainiako errepresiotik gero, Ipar Euskal Herrirat etorri ehunka iheslari eta haien familiak laguntzea, eta, gero, presoen eskubideak defendatzea izan da bere egitekoa». Jendea etxeetan hartuz, euren osasuna zainduz, lana lortzen lagunduz edota orotariko bitartekaritza lanak eginez ondu du Anai Arteak lan hau hamarkada guzti hauetan.
Euskal Herriko egoera sozio-politikoa aldatu den honetan, Anai Artearen egitekoak ere bere funtsa galdu du; baina hori egin aurretik, «guk ere gure historia kontatu nahi izan dugu, gure ikuspegitik, herri ttikiek ere badugulako zer errana», argitu zuten Mendiburu eta Iturriozek. Hala, Euskal gizartearen historia mendez mende markatu duten 22 gertakizun hautatu eta horiekin natura eta teknologia berriak batzen dituen parke hau sortu du elkarteak. «Hasi duela 40.000 urte eta Lizarra-Garazin (1998) buka, tartean erromatarren garaia, gerlak, euskarazko lehen liburua eta bertze hainbat gai» biltzen ditu oroilekuak. Garai bakoitzarendako, webgunean edota QR kode baten bitartez, euskarazko bideo bat topa daiteke, frantsesezko eta gaztelerazko azpitituluekin ere ikus daitekeena.
Adituen laguntzaz sortutako memoriala
Anai Arteako kideen hitzartzearen ondotik bertsoak, dantzak eta oroitarria agertarazi zuten. Ondoren, Iñaki Iriartek, monumentuaren egileak, zertzelada batzuk azaldu zituen artelanaren inguruan.
Aipatu Euskal Populuaren Historiako 22 gai horiek hainbat paneletan bereizi dituztela, eta QR kode batzuek egingo dute gertakizun historiko horietarako lotura digitala: gai bakoitza landu duen historialariaren testutik abiaturik, bideoak egin dituzte, eta parkean kodea eskaneatuz edo zuzenki webgunera sartuz ikusten ahalko dira, anaiartea-oroitlekua.eus webgunean.
Aurkezpena egin zuten hizlariek ez dute ahaztu oroitarri hau osatzen duten 22 gertakariak gurera ekarri dituzten historialarien izenak: Aurelia Arkotxa, Eneko Bidegain, Xarles Bidegain, Jean Louis Davant, Iñaki Egaña, Peio Etcheverry-Aintchart, Claude Labat, Jean Claude Larronde, Battitta Larzabal, Nabarralde, Xabier Otero eta Maite Urmeneta.