Haira Aizpurua Ibargarai saratarrak laugarren aldiz irabazi du Iparraldeko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 29a, 15:00
Txapela eskuetan duena, ezkerretik hasita hirugarrena da Haira Aizpurua Ibargarai.

Atzo jokatu zuten Itsasuko Sanoki gelan Lapurdiko, Baxenabarreko eta Zuberoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa. Laugarrenez Haira Aizpurua Ibargarai saratarrak irabazi zuen txapela. Ibai Lekuona Arceles izan zen bigarren, eta biak ariko dira larunbat honetan Iurretan egingo duten Euskal Herriko finalean.

Sei bertsolari aritu ziren kantuan igandeko finalean: Haira Aizpurua Ibargarai eta Unax Aizpurua Ibargarai saratarrak,  Ibai Lekuona Arceles, Haize Lekuona Blanco eta Aiantze Lannes Butron. Oihan Perez Harispe ere kantatzekoa zen, baina, bere ordez Irati Aizpurua Ubeda aritu zen. Xalbat Altzugarai izan zuten gai emaile. Epaile lanetan berriz, Ainhoa Sarasua, Zuhaitz Olazabal eta Abel Zabala aritu ziren.

70 lagun inguru bildu ziren bertsolarien jarduna aditzera eta saio bizia osatu zuten bertsolariek. Lehen bi postuez harago publikoa gehien piztu zuen bertsoa ere saritu zuten, eta Unax Aizpuruarentzat izan zen sari hori.

Laugarren aldiz jarraian irabazi du Haira Aizpuruak sariketa, eta lurralde guztietako eskolartekoen historian lau txapelen jabe egiten den bigarren bertsolaria da. Hau lortzen lehena Amets Arzallus izan zen, hau ere Iparraldeko eskolartekoan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun