Peio Erramouspe

«Aitatxiren kantek eta 70eko hamarkadako musikak inspiratu naute»

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 28a, 09:00

34 urteko musikari saratarra da Peio Erramouspe. «Sintetizadorea eta kantua» ditu gustuko, «jendearekin proiektu berriak muntatzea edo hauetan parte hartzea. Kantatzea eta musikan aritzea edonon, edonoiz eta edonorekin».

Ttikitatik musikari

Etxetik datorkio musika zaletasuna; «betitik aritu izan gara kantuan familian. Aitarekin atabala jotzen nuen bera gaitarekin aritzen zelarik. Ttantta Maitek Casio piano bat oparitu zidan ttipitan eta atabalarekin batera jostatzen nintzen».

Geroztik, ez du inoiz musika alde batera utzi. «15 urtez gaztetxeetan eta Moï Moï kolektiboan ibili naiz. Bateria jo nuen Polygorn eta Radiator taldeetan eta baxua Daudane eta Fusiblerekin. Paxkal Irigoyenek bere Kontsumo orkestrara gonbidatu ninduen eta lehen aldiz euskaraz kantatzen zen talde batera sartu nintzen sintetizadorearekin». 

Musika tresna aunitz jotzen ditu; «pixka bat denetarik, baina deus ere ongi». Orain sintetizadorea da gehien erabiltzen duena: «Lumi taldeko Manu Matthysek anitz irakatsi zidan sintetizadoreei buruz eta bakarkako elektronika proiektu bat sortu dut».

Haira proiektua

Bere ibilbidean musika progresiboa, rocka eta elektronikoa landu izan ditu, eta orain kanta zaharrak eta sintetizadorea nahasten ditu, duela bi urte abiatutako proiektu berrian. «Sintetizadorearekin jolasten, inprobisatzen hasi nintzen gure Aldudeko aitatxiren kantak kantatzen». 

Laupabortz Aire Ttipi diskoa kaleratu berri du, aitatxik eta 70eko hamarkadako musika alemaniar alternatiboak inspiratutako lana. «Ez dut definitzea lortu, lan intimoa da, ene ganbaran garatu dudana. Nire burua lasaitzeko, agian».

Etorkizunera begira, asmo bakarra dauka: «musika jo eta jo».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun