Bestak 2023

Urdazubiko bestak giro ezin hobean ospatu dituzte

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 23a, 14:00

Bestetarako prestaketa guztiak egin ondotik, herritarrek eta hurbildu ziren guztiek Urdazubiko Salbatore bestez gozatzeko aukera izan zuten. Horrela, giro ezin hobea izan zen herrian maiatzaren 17tik 21erat.

Herriko trikitilarien soinuarekin hasi ziren bestak, asteazken arratseko txupinazoarekin eta txartelen zozketaren sarituekin akitu zen, igande arratsean. Aurten, berrikuntza gehienak pilota munduari lotuta egon ziren: ortzirale arratsaldean herriko pilotari gazteek partidak jokatu baitzituzten. Gainera, igande arratsaldean ere pilota partida polita izan zen: Xala eta Pascual,  Mikel Goñi eta Azanzaren kontra aritu baitziren. Irabazleak Xala eta Pascual izan ziren, partida estuaren ondotik.

Otorduetan jende andana

Urteroko gisan, otorduetan ere jende andana bildu zen. Paella jatean 100 pertsona inguru bildu ziren eta zikiroan 300 inguru. Musikaz alaiturik, herritar guztiak biltzeko parada bikaina izan zen, giro bikainean. Gazteez gain, haurrek ere aski ongi pasatu zuten puzgarri eta jokoetan, argazkian ikusten ahal den moduan.

Zozketa

Zozketaren sarituak ere atera ziren. Lehen saria 5719 zenbakiak eraman zuen, bigarrena 5537 zenbakiak eta hirugarrena, azkenik, 6594 zenbakiak. Saridunak herriko bestetako komitearekin kontaktuan paratu behar dira saria hartzeko.

Bestak akituta biltze lanekin ere aritu dira, gauza guztiak bildu eta heldu den urteko besten esperoan gelditzea bertzerik ez da gelditzen. Aurtengoak behintzat ederki profitatuak gelditu dira!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun