Bestak 2023

«Bestak antolatzea herriarekiko erantzukizun haundia da»

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 16a, 13:00

 «Gazte inpultsiboa eta gauza aunitz egiteko gogoarekin» da Iban Blanco. Atarrabian sortu bazen ere, «aita Urdazubikoa zen eta astebururo etortzen ginen hona. Lotura estua dut herriarekin».

Herriko bestak ere ongi ezagutzen ditu, «ttikitan urtero etortzen ginen ortziraletik aitzinera, eta oroitzapen arras politak ditut: bereziki aitak ostatuan egiten zituen bestak eta Etxeberekin eszenatokira kantatzera igotzen nintzenean». Gaur egun, berriz, «paellada eta zikiroa» dira gehien gustuko dituen jarduerak.

Antolakuntzan ere aritzen da Blanco joan den urtetik; «lana da, baina bortz lagun garenez ardurak banatzen ditugu. Horrelako ekitaldiak antolatzea gustuko baduzu, niri gertatzen zaidan bezala, ez da hainbertzerako lana. Hala ere, herriarekiko erantzukizun haundia da».

Baina antolakuntzaz gain, Montxo jatetxean lan egitea ere dagokio bestetan. Izan ere, duela bi urte hartu zuen familiako negozioaren lekukoa. «Asteazkeneko afaria hemen egiten dugu, besta hona ekarriz. Ortzegunean plazan paella egiten dut, aitaren omenez. Ortziralean lan egiten dugu eta zikiro egunean libre hartzen dugu».

Urdazubiko bestetan «haurrentzako jarduera gehiago» falta direla azaldu du Blancok. Hala ere, «besta bereziak dira niretako, gure herria delako eta eskualdean urteko lehenbizikoak direlako Iruritakoekin batera».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun