Herriko gazte taldean dago, «baina ez antolakuntzan: taldean 16 urterekin sartzen gara eta antolakuntza urtero aldatzen dugu». Antolakuntza taldea osatzen duten bortz gazteak ihauteriaz eta besten egitarauaz arduratzen dira, hala ere, «gainerako gazteen laguntza ere beharrezkoa da».
Bestazalea da Arozarena: «etxerako bidea ahanzten dudala erraten dute». Urdazubiko bestetarako gogotsu dago, izan ere, «bortz egunez herri giroa nagusitzen da, eta urte osoan ikusten ez dugun jendearekin besta egiteko aukera izaten dugu».
Ttiki-ttikitatik izan du gustuko besta giroa: «haur jokoak eta ortzegunean aperitifaren momentuan datzatzea dira nire lehenbiziko oroitzapenak. Gazteetan sartu nintzenean, aldiz, paella zerbitzatzea eta zikiro eguneko besta».
Gaur egun, ordea, egun guziak ditu gogoko, «denek baitute zerbait aipatzeko». Hala ere, «bat aukeratzekotan, zikiro jatearen eguna dut gustukoena. Herriko jende aunitz elkartzen gara eta bazkaritik hasitako besta izaten da». Gainera, «pandemiaz geroztik ez dut herriko bestak ospatzeko aukerarik izan, eta aurten inoiz baino gogotsuago nago!».
'Zer falta dute Urdazubiko bestek?' da urtero gazteen artean planteatzen duten galdera; «segur aski bada zer gehitu, baina zaila da hori jakitea eta denen gustukoa izatea».
Honez gain, jende kopuruan ere aldaketa nabaritu dela dio Arozarenak: «lehenago Iparraldetik jende dezente etortzen zela erraten dute, baina azken urteetan herriko giroa nagusitzen da besta egunetan». Hala ere, «herrietako lehendabiziko bestak dira, eta jendeak gogo haundiarekin hartzen ditu. Gainera, egitarau zabala dugu, haur, gazte eta helduentzat moldatzen dena». Azkenik, «inguruko herrietako jendea Urdazubiko bestetara etortzera animatu nahi dut!».