Eskualdeko hiru bertsolarik kantatuko dute Iparraldeko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan

Ttipi-Ttapa 2023ko mai. 2a, 17:00

Larunbatean jokatuko dituzte 10:00etan Azkaineko Biltoki gelan Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoko Eskolarteko Bertsolari Gazteen Txapelketako bi kanporaketak. Eskualdeko hiru bertsolarik kantatuko dute: Haira eta Unax Aizpurua Ibargarai saratarrek, eta Garikoitz Agirre Soto zugarramurdiarrak.

Larunbatean, maiatzaren 6an hasiko da Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoko Eskolarteko Bertsolari Gazteen Txapelketa. Bertan hamabi bertsolari ariko dira kantuan, bi kanporaketetan: Garikoitz Agirre zugarramurdiarra, Amaiur Aizpuru, Haira Aizpurua saratarra, Irati Aizpurua, Unax Aizpurua saratarra, Alaitz Aramendi, Xanti Lacroix, Aiantze Lanes, Uxue Lannes, Johane Larre, Haize Lekuona, Ibai Lekuona eta Oihan Perez. 

Lau ariketa osatu beharko dituzte kanporaketetan: lau oinak emanik zortziko txiki bat kantatu beharko dute lehenik, bukaera emanda zortziko handi bat gero, gai orokorrari bertso bat kantatu beharko diote gehienez ere 5 puntuko neurrian eta koplatan hiruko ofizioan bina kopla kantatu beharko dituzte. 
Kanporaketa bakoitzetik hiru bertsolari sailkatuko dira Itsasuko Sanoki gelan maiatzaren 28an jokatuko duten finalerako. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun