Egitarau berezia prestatu dute Herri Urratsen 40. ediziorako

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 29a, 13:00

40. aldiz eginen dute maiatzaren 14an Herri Urrats, Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko besta 'Urratsak zubi' lelopean. Urteurren berezia izaki, egitarau berezia antolatu dute aurtengo. 

Gunez gune, hau izanen da Herri Urratsen aurtengo egitaraua. Ekitaldien ordutegiak aitzinerago zabalduko dituzte.

Araba gunea

Aurten Araba gunea lekuz aldatu dute, eta 95 metro luzeko gune erraldoi batean bilakatuko da. Haurren txokoaz aparte, musikak indar berezia izanen du. Haize Arroxa taldeak irekiko du egitaraua, eta beraien lehen kontzertu handia izanen da. Gero mutxikoak izanen dira, eta ondotik Tiktara taldeak son, funky, eta musika afrikarrak zabalduko ditu. Neomak, euskal musika eszenan zer esan handia ematen ari den taldearen kontzertu berezia izanen da gero. Zetak, iazko kantuaren egileek hartuko diote lekukoa eta bukatzeko trikitixa doinuak izanen dira nagusia. Gozategik kontzertua emanen du  eta Holako deluxe taldearen erromeriarekin itxiko dute gunea. 

Arabako gunearen barrenean, Mantangorri gunea ere egonen da haurrentzako. Etxepare lizeoeko ikasleen animazioak izanen dira haurrentzako 10:00etatik 12:00etara. Erosikren elikadura eskola, EITBren gunea, tailerrak, puzgarriak... Denetarik izanen da. 

Lapurdi gunea

Janariari lotutako gunea izaten da, eta goizean Senpertarrak izanen dira kantuz, eta ondotik Kuxkuxtu txarangak alaituko du bazkaria. Gainera, haurrentzako puzgarriak izanen dira egun osoan. Eszena gainean Kaiku enpresak jasangarritasunaren inguruko antzerki emanaldia egingo du goizean. Eta 15:00etan Eidabe antzerki taldearen Gora Bihotzak ikuskizun berezia umeentzat.

Nafarroa Badok gunea

Musika izanen da gune honetako protagonista ere, eta jende helduagoari ere lekua eginen dio. Dantzan irekiko dute gunea Patxi eta Konpainiaren doinu eta dantzekin. Ondotik, Mister Saguak taldearen kontzertua izanen da. Oholtza beretik pasako dira Xutik, Delirium Tremens, Su ta Gar eta SFM. 

Gipuzkoa gunea

Dantzari eskainitako gune berezia izaten eta aurten ere dantza emanaldiak izanen dira protagonistak. Estitxu Robles kolegioko gazteek irekiko dute gunea, eta gero Oinak arin, Herri Urrats Kantuz, Txingilika, Begiralek eta Los Chancairesen emanaldiak izanen dira. Andoni Ollokiegi bakarlariak itxiko du gunea. 

Erronka 

Erronka ere eginen dute aurten Senperen. Bortz talde lehiatuko dira : Ondarruko Zubi Zahar ikastola ( Ibilaldiaren antolatzailea), Etxarriko Andra Mari ikastola (Nafarroa Oinezen antolatzailea), Aguraingo Lauta ikastola (Araba Euskarazen antolatzailea), Oreretako ikastola (kilometroaken antolatzailea) eta Seaskako Xalbador kolegioa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun