Taldearen sorrera
2000. urteko martxoan sortu zen elkartea; «bere garaian emakume talde bat josteko klaseak emateko elkartzen hasi zen. Klaseak ematen zituen irakasleak ezin izan zuen hauek ematen segitu, baina emakumeek hala ere elkartzen segitzea erabaki zuten. Orduan, Urdazubin zegoen idazkariari esker, emakume elkarte bat egitea erabaki zuten». Helburua argi zuten: «herrian gauza berriak egitea eta bizi gehiago ematea». Horrela, lanetik ateratzean gelditzen hasi ziren, «gauza berriak ikasteko: josteko klaseak, aerobika, gimnasia…».
Urdazubitik pasatzen den errekaren izena hartu zuen elkarteak, «Ugarana».
Duela 15 urte elkarteak antolatzen zituen jardueretara joaten hasi zen Miura, «kuota bat ordainduta elkarteko kide gisa sartzen ginen». Hala ere, ez da kide hutsa; «duela sei urte elkarteko juntan sartu ginen kuadrillako hiru lagun eta hor segitzen dugu. Gainera, aurten bertze bi neska gazte sartu dira eta orain belaunaldi aunitzetako emakumeak gaude juntan. Aski positiboa izanen dela pentsatzen dut».
Aspertzeko astirik ez
53 emakume dira elkartean; «Urdazubiko eta inguruko emakumeek osatzen dugu taldea eta egiten ditugun saio eta kurtsoak Xaretako jende guziari zabalduak daude. Hortaz, jendea kurtso hauetan parte hartzera animatu nahi dut». Izan ere, gaur egun bi jarduera dituzte martxan: stretchinga eta yoga-pilatesa. «Orain arte zumba ere ematen zen, baina aurten ezin izan dugu. Ea hurrengoan posible dugun».
Hala ere, taldearen jarduera ez da klaseetara bakarrik mugatzen; «emakumearen egunaren inguruan jarduera batzuk antolatzen ditugu: elkarretaratzea egiten dugu, sagardotegira joaten gara afaltzera, emakumeen gaiarekin zerikusia duen bakarrizketa bat ekartzen dugu… aurten, adibidez, Alazne Etxeberria etorriko da maiatzaren 12an, 19:00etan, eta ondotik afaritxo bat egitea pentsatu dugu. Ekainean, berriz, film euskaldun eta ezaguna ekarri behar dugu kultur etxean ikusteko». Udaletxearen eta Emakume Sailaren laguntzarekin antolatzen dituzte ekitaldiak.
Honez gain, «urtero bestetako ortziralean emakumeen bazkaria antolatzen dugu. Haur, heldu eta gazteen tarteak izaten diren bezala, emakumeendako tokia behar zela ikusi genuen. Emakume helduak joaten dira, eta faltan botatzen dugu neska gazteen parte hartzea».
Berdintasunerantz
Elkartean parte hartzeko arrazoia argi du: «herri ttikietan ez da lanetik kanpo egiteko gauza haundirik izaten, batez ere neguan, eta kurtso hauekin ariketa fisikoa egin eta osasuna zaintzeaz aparte, adin guzietako gizon eta emakumeak elkartzen gara eta horren aberastasuna ezin dugu ukatu. Herrian bizitzea aukeratu dugunok herriari bizia eman behar diogu».
Baina hori ez da arrazoi bakarrak, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna baitute helburu: «aitortu behar dugu emakumeen egoera aldatu dela, baina oraindik gauza aunitz egin behar dira. Batzuetan penagarria iruditzen zait gaur egun dauden aitzinamenduekin oraindik geure eskubideen alde borrokatu behar izatea. Denok eskubide berak behar ditugu, nahiz emakume, arraza, elbarritasun fisiko, gaixotasun mental…».
«Berdintasunetik urrun» ikusten ditu emakumeak; «etxetik kanpo egiten dugu lan, baina familiaren zaintza gehiengoa emakumeen bizkarrean dago oraindik, eta gu gara baimenak eta lanaldi murriztuak eskatzen ditugunak geure seme-alabak zaintzeko». Honez gain, «lanak ere aunitzetan ezberdinak dira. Urdazubin, adibidez, ez dut emakumerik alkate lanetan ezagutu, eta zinegotzi gehienak gizonezkoak dira».
Berdintasuna «denon borroka da. Ez du erran nahi gizonen kontra gaudenik, eskubide berak nahi ditugula baizik».
Etorkizunera begira
«Herriari bizia ematea eta helduek eta gazteek bat egitea» da Ugaranaren asmoa, «elkarteari esker elkar ezagutzea eta momentu goxoak pasatzea da gure helburua. Eta emakumearen gaiaz solastatu garen honetan, denok lan egin behar dugula pentsatzen dut. Bakoitza bere etxetik has dadila, geure seme-alabak berdintasunean hezten. Niri esaldi hau gustatzen zait: Izan zirelako gara, garelako izango dira».