Mendi bizikleta eta oinezko ibilaldiak izanen dituzte apirilaren 23an Senperen

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 21a, 11:00
Mendi bizikletan 20 eta 30 kilometroko ibilbideak izanen dituzte aurten ere aukeran.

Zaldubi ikastolak ohiko ateraldia antolatu du igande goizerako

Senpereko Zaldubi Ikastolak, udaberriko aroa baliatuz, usaiako ibilaldia antolatu du apirilaren 23an, igande goizarekin. Kirol zelaitik abiatuta, betiko ibilbideak proposatuak dira, mendi bizikletendako nahiz oinez egiteko.

Alde batetik mendiko bizikletendako ibilaldia izanen da (30 kilometro luze eta 1.300 metro inguruko desnibela duena edo 20 kilometrokoa, 800 metroko desnibelarekin, aukeran). Txirrindularien abiatzea 08:00etan izanen da.

Oinezkoendako ibilaldiaren hasiera, aldiz, 08:30ean izanen da eta hauek ere 8 kilometroko edo 15 kilometroko ibilaldiak egiteko aukera izanen dute.

Giro ezin hobean iragaiten da goiza, belaunaldiak nahasiz eta lehiaketa baztertuz, bakoitza bere erritmoan. Alta, mementorik zaporetsuena gelditzen da: eguerdiko zintzur-bustitzea, baita axoarekin eginiko apairua ere, xapito pean. Gorputzaren nekeak merezi du gozamena, beraz ez huts egin igandeko hitzordura.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun