Sarako beilaleku berriaren bizkar besta egin dute larunbatean

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 17a, 13:00

Apirilaren 15ean, larunbat goizean, egin dute Sarako beilatoki berriaren bizkar besta. Battite Laborde auzapezak, eskuaraz, denei ongi etorria eman die. Jende aunitz bazen, zeren hor lanean aritutako guziak edo gehienak hor ziren, bai saratarrak, bai iparraldeko bertze herrietatik, baita hegoaldeko herri batzuetatik etorriak ere. Argazkiak eta testua: Ganex

Erran behar da lan ederrak eta gustuz aski ongi eginak direla, badira oraino ofiziale ederrak. Stephane Barneix lehen axuantak eman duen azalpenean gauza berak frantsesez azaldu ditu.                                                     

Jean Elizagarai parropiako erretoreak benedikazioa eman du. Auzapezak erran duen bezala, leku hau ez da giristinoentzat bakarrik, baina denentzat eta hori arras ongi atzematen du: leku eder honetan familiek, goxotasunean, egin dezatela beraien azkeneko bisita, ondoko hilerrira joan aitzinetik.

Egun hori baliatu du Herriko Etxeak langileak eskertzeko, ez bakarrik horiek, baita herriko su-hiltzaileak eta Berakoak ere, Larhungo eta Ibanteliko mazeletan sua zelarik itzaltzeko lanean aritu baitziren. Zeren Battite Labordek erran duen bezala, horrelako egunetan denen beharra bada eta kontent, norbait izatea, eta auzokoak ere ongi etorriak izaten dira,                                                                                               

Ondotik, herriko enplegatuen atelierrean, aperitifa eta kanpoan erretako zikiroa errea, bazen ausarki, bukatzeko egun hori alaitasunean pasatu da. Herriko Etxeak denei eskerrak eman die. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun