Sarako Portua eta Animainea arteko errepidean hainbat lan eginen dituzte datorren astean

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 15a, 11:00

Ortzegunean zola berria emateko erabat itxiko dute bidea eta Lehenbizkai auzoan barna antolatuko dute desbideratzea

Sarako Portua eta Animainea artean RD 306 errepidea egokitzeko lanen lehen fasea bukatzear dago. Beraz, iragarritako epeak beteko dira. Datorren astean, apirilaren 17tik 21era hainbat lan eginen dituzte.

Apirilaren 17an, astelehenean, espaloiak moldatuko dituzte eta astelehen eta asteartean estolderiako estalkiak emanen dituzte.

Apirilaren 18an eta 19an, astearte eta asteazkenean, San Pedro aparkaleku publikoan eginen dituzte lanak.

Apirilaren 20an, ortzegunean, eginen dute lanik handiena eta trafikoan eragin handiena ere egun horretan espero dute. Izan ere, San Pedrotik Arrosagaiarako obren lehen zatian zola berria emanen dute. Horretarako, Portutik Animainearako errepidea trafikoari erabat itxita egonen da. Lehenbizkai auzoan barna antolatuko dute desbideratzea. Hala ere, auzotarrak beraien etxeetatik atera ahal izanen dira, alde batetik desbiderapenetik edo bertzetik, Portuko biribilgunera iristeko.

Desbideratze horren gaineko zirkulazioa errazteko eta eragozpenak murrizteko, Durruty kamioiak ez dira egun horretan Sararako errepidean ibiliko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun