Sarako Idazleen Biltzarra berrogeigarren edizioa izanen da astelehenean eta asteartean

Ttipi-Ttapa 2023ko api. 9a, 16:00

Sarako Idazleen Biltzarra. Argazkia: Euskal Kultur Erakundea
  • Apirilaren 10ean eta 11n iraganen da euskal literaturaren hitzordu garrantzitsua.
  • Liburu aurkezpenak, mintzaldiak eta 77 salmahaiez osaturiko gunea izanen dira.

Pazko astelehenean zabalduko ditu ateak Sarako Idazleen Biltzarraren 40. edizioak. Hala, apirilaren 10ean eta 11n berrogei urte betetzen dituen literatur ekitaldiak Ipar Euskal Herriko kultur agenda markatuko du beste urte batez. 77 salmahai, liburu aurkezpenak, mintzaldiak eta idazleen presentzia segurtatuak dira.

Biltzarra astelehenean, apirilaren 10ean 10:15ean abiatuko da Eric Dicharryren ‘Deus’ lanaren aurkezpenarekin eta, segidan, hainbat aurkezpen izanen dira goiz osoan. ‘Simon Veil pastorala’ (Severine Dabadie), ‘Bixente’ (Raul Alfaro), ‘Aurpegrafiak’ (Iñaki Martiarena), ‘Hitzetatik harrago’ (Ainara Maia Urroz), Euskal Herriko etxebizitza politika (Eguzki Urteaga), ‘Marguerite, Nafarroako Erregina- 1492-1649 Antzezlanak eta gutunak’ (Ixabel Etxeberria), ‘Allande Socarros- 1957-2021 Euskal idazlan eta lekukotasun’ (Battittu Coyos), ‘Lur ilaunduan loreak’ (Txomin Heguy) eta ‘Nostalgia ez da salgai’ (Xan Idiart).

Arratsaldean, 15.00etatik goiti izanen dira aurkezpenak, bertzeak bertze, ‘Lurbinttoko ohoinak’ (Adur Larrea), ‘Bichta Eder’ (Eneko Bidegain), ‘Urratuen arrastoan’ (Iratxe Retolaza) edota ‘Maite Idirin herrigintza kantuz’ (Jokin Apalategi Beristain eta Paulo Iztueta Armendaritz) bezalako lanenak.

Apirilaren 12an, asteartean, profesionalen eguna izanen da, ‘Ahozko euskal literatura, atzo eta gaur’ izenburupean. Goizeko 9.30ean bi mintzaldi izanen dira Lurberri gelan. Gidor Bilbao EHUko irakasleak euskal literatura klasikoaren panorama aurkeztuko du eta Xabier Monasterio idazleak berriz, Ipar Euskal Herriko literatura klasikoa izanen du hizpide.

Bazkariaren ondotik tailer praktikoak izanen dira literatura klasikoaren inguruan eta 15.30ean mahai-ingurua ‘Euskal klasikoen ezagutza hobetu: ondarea, transmisioa, gizartea’ izenburupean. Aditu, irakasle, liburuzain eta wikilariek parte hartuko dute ezagutua ez den euskal literatura klasikoa hedatzeko beharraz mintzatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun