Kultur Topaketen Garaian hainbat ekitaldi prest dituzte Senperen apirilaren 1etik 16ra

Ttipi-Ttapa 2023ko martxoaren 30a

Eskulangileen artelanak ikusgai izanen dira asteburuan Larreko kulturgunean.

Apirilaren 1etik 16ra eginen dute Senperen Kultur Topaketen Garaia. 2022an sortua izan da ekimen hori, senpertarrak bildu daitezen kulturaren inguruan. Apirilaren 1 eta 2ko asteburuan eskulangileen arte erakusketa izanen dute Larreko kultur gunean.

Elirale elkartearen eta Senpereko eskoletako haurren dantza ikuskizuna, berriz, apirilaren 4an eta 6an, hurrengo asteko astearte eta ortzegunean 19:30ean izanen da Larreko kultur gunean.

Sortze tailerra, Pazkoko arroltze zonbaiten egiteko, apirilaren 8an, Errepirako parkean larunbatean egun guzian, eta arroltze xerkatzea haurrentzat 11:00etan. Egun berean, Pop Pop baporezko ontzi itsasketa Errepirako parkean egun guzian.

Arnaud Demancheren umorezko ikusgarria, apirilaren 14an, ortziralean 20:30ean Larreko kultur gunean.

Apirilaren 15an, larunbatarekin, bi partetan gaualdia. 20:00etan Zarena Zarelako dantza taldeak So Egin emanaldi berria emanen du. Herritar anitz ari dira talde honetan. Andoni Oilokiegik segituko du bere kontzertuarekin 21:00etan, Ihauterietan sekulako emanaldia aurkeztu zuen, pilota plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun