680 kirolarik parte hartu dute Sara Korrika Trailen

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 27a, 16:30

Sara Korrika Trail lasterketaren irteera, 680 korrikalarirekin.

Robert Loic eta Oihana Azkorbebeitia izan dira bizkorrenak

Sara Korrika Trail 22 kilometroko lasterketan 680 kirolari parte hartu zuten martxoaren 26an, igandean, lasterka egiteko aro ederra lagun zutela. Orotan bizkorrena, Robert Loic izan zen (1.52.28). Hamar minutu baino gehiago aldea atera zion bigarren izan zen Damien Saint Martin-i (2.03.11) eta hirugarren Paul Mathou izan zen (2.03.38). Lehen emakumea Oihana Azkorbebeitia Urizar izan zen (2h 25.51) bigarren Sarah Dinclaux (2.33.03) eta hirugarren Larraitz Etxebeste Lizaso (2.38.32).

Denek opariak izan zituzte eta Lur Berri gelan izan zituzten talo eta edateko ausarki. Sara Korrika elkarteak denak eskertu ditu, lanean aritu diren bere kideak baita borondateko oneko guziak ere.

Trail lasterketan helmugaratzen lehenak.

 

Kilometro bertikala bezperan

Martxoaren 25ean, larunbatean, lehen aldiz egin da Kilometro Bertikala, 4,5 kilometro luze eta 800 metroko desnibel positiboa zuena, izigarri bortitza. Gizonetan, hemen ere Robert Loic gailendu da eta bigarren Mikel Beunza Iraizoz izan da. Emakumeetan Maria Ordoñez izan zen bizkorrena eta Rebeca Mariño bigarren.

Robert Loic eta Maria Ordoñez garaile kilometro bertikalean.

Sarako Kilometro Bertikala Elgar Xut izeneko erronkarako ere puntuagarria izan da. Erronka apirilaren 29an Azkainen eta maiatzaren 8an Behorlegin jokatu duten probek osatuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun