‘Aldaketen bideak’ seminarioa antolatu du Euskal Herriko Laborantza Ganbarak apirilaren 7an

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 24a, 19:00
Euskal Herriko Laborantza Ganbararen egoitzan eginen dituzte ikastaroa eta seminarioa, Ainhize-Monjolosen.

Apirilaren 5ean eta 6an, berriz, belar eta soroak sabaian idorrarazteko sistema menperatzeko ikastaroa eginen dute, hau ere Ainhize-Monjolosen

Euskal Herriko Laborantza Ganbarak hainbat ekitaldi antolatuko ditu ondoko asteetan. Apirilaren 5ean eta 6an, asteazken eta ortzegunean, 09:30ean, Ainhize-Monjolosen, Belar eta soroak sabaian idorrarazteko sistema menperatu ikastaroa eginen dute, belar idortze sistema hau jada ezagutzen duten laborariei zuzendua. Yann Charrier-ek (SGF Conseil) eta Marina Deysinek (EHLG) animatuko dute.

Asteazkenean belar lanak ongi antolatu, belarra biltzeko faseak ongi ezagutu (moztea, itzultzea, mailak egitea eta auto-kargagailuarekin biltzea), biltzea antolatzen jakin (egutegia, materiala, etab.) eta praktika egokiak ezagutuko dituzte.

Ortzegunean, berriz, belar eta soroak sabaian/belartegian idorrarazteko ekipamendua optimizatu; bazka biltzeko eta belartegian sartzeko memento egokiena ebaluatu; belarra mozteko, itzultzeko eta sartzeko praktikak optimizatu; belartegiaren aireztatzea egokitzen jakin eta bertze zenbait kontu ikasiko dituzte.

Izen emaitea 05 59 37 18 82 telefonora deituz.

‘Aldaketen bideak’ seminarioa

Apirilaren 7an, ortziralean 14:00etan hasita Ainhize-Monjolosen eginen den Aldaketen bideak seminarioaren kari, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak laborariak, hautetsiak eta herritarrak gai honen inguruan eztabaidatzera gonbidatu ditu: Ipar Euskal Herriko etxaldetako bazka eta energia autonomia nola egin?

Izan ere, energia geroz eta karioago, idorteak gero eta larriago… Egoera horretan, zer erran nahi du etxaldetako elikadura eta energia autonomiak? Nola egokitu behar da? Zein dira perspektibak? Nola lan egin kolektiboki?

Laborantza herrikoiaren bitxiloretik abiatuz, autonomiaren petaloa aztertuko dute (erabakitzeko autonomia, autonomia ekonomiko eta teknikoa): petalo honen hobetzeak banaketaren petaloarengan ondorioak ukan litzake. Bertze gisan erranik, nola autonomoago bilakatu etxaldea handitu gabe?

Gogoeta eramateko, hainbat lekukotasun entzunen eta kasu zehatzak aipatuko dituzte, puntu nagusi hauen inguruan :

  • Etxaldearen handitzearen kasua (PAC laborantza politikak handitzea akuilatzen duela kontutan
  • hartuz)
  • Kabalen bazka autonomia (proteina eta bazka autonomia)
  • Energia: belar-sistemak, mekanizazio-kargak, baliabideen balorizazioa (egurra, etab.),
  • Antolaketa kolektiboa (belartegiko iguzki-idortze unitate kolektiboa, etab.)

Seminarioa denei irekia da. Sartzea urririk.

 

2023ko PAC laguntzen galdegitea apirilaren 1etik maiatzaren 15era

Bertze aldetik, laborariek haien PAC laguntzak eskuratzeko deklarazioak apirilaren 1etik maiatzaren 15era egiten ahal dituzte. Hitzordu indibidualak apirilaren 11an hasiko dira Euskal Herriko Laborantza Ganbaran. Permanentziak ere antolatuak izanen dira Maulen (apirilaren 14an, ortziralea, 09:15etik 17:00etara zerbitzu gunean), Senperen (apirilaren 20an, ortzeguna, 09:15etik 17:00etara herriko etxean, Urruñan (apirilaren 27an, ortzeguna, 09:00etatik 17:00etara herriko etxean) eta Atharratzen (maiatzaren 2an, asteartea, 09:15etik 17:00etara zerbitzu gunean).

Hitzordua hartu: 05 59 37 18 82.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun