60 urte bete dira Urdazubitik Xabierrera bidea oinez egin zutenetik

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 24a, 13:00
1963an Urdazubitik Xabierrera joan zen taldea.

Hiru eguneko bidaia izan zen 1963an egindakoa eta gazteenek hamahiru urte zituzten orduan

Aurten 60 urte bete dira Urdazubiko hainbat lagun Ramon Ezkurra irakaslearen eskutik herritik abiatuta Xabierko bidaia egin zutela. Hiru eguneko bidaia izan zen gaztetxoek 1963. urte hartan egin zutena, gazteenek 13 urte baitzituzten. Egiazko erromesaldia izan zen, beraz.

Argazkian ikusten den gisara, hainbat mutiko izan ziren bidaian abiatu zirenak: Andres Diharasarri, Ramon Mihura, Juan Mari Mihura, Jose Miguel Etxart, Bautista Etxenike, Lorentxo Etxenike, Joxe Antonio Etxenike, Joxe Manuel Etxeberria, Miguel Migeltorena eta Juan Altzualde.

Hurrengo bi urteetan ere Urdazubitik abiatu baziren ere, gerora Xabierraldiko bertze bidaiak egiten jarraitu zuten eta gaur egun ere hala segitzen dute, ahal duenak behintzat. Dena den, gaur egun autobusean edo autoan gehixeago hurbildu eta, egun bakarrean, azken zatia oinez egitea da ohikoena.

Horrelako abentura ez baita aise ahanzten, zorionak 1963ko bidaia luzea egin zuten guztiei!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun