Igandeko Sara Korrika Trail bezperan, Kilometro bertikala eginen dute lehen aldiz

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 23a, 12:00
Sara Korrikak hamaseigarren edizioa beteko du igandean.

Larunbateko proba Elgar Xut erronkarako baliagarria izanen da eta igandeko lasterketak hamaseigarren edizioa beteko du

Sara Korrika elkarteak antolatuta, martxoaren 26an Sara Korrika Trail lasterketaren hamaseigarren edizioa iraganen da. Urte hasieran zabaldu zuten izena emateko epea eta bi asteren buruan 650 parte hartzaileren mugara ailegatu ziren. Elkarretaratzea igandean 07:30ean izanen dute plazan eta partitzea 09:00etan.

21 kilometro luze eta 1.595 desnibela izanen dute. Bezperan, Sara Korrika Bertikala izanen da, lehen aldiz antolatua. Lau kilometro luze eta 800 metroko desnibel positiboa dituen lasterketa.

Elgar Xut erronka

Horrez gain, eskalatzaile hoberenaren saria ere emanen dute. Martxoaren 25eko kilometro bertikaleko eta martxoaren 26ko 21 kilometroko mendi lasterketako igoeren denborak kontuan hartuta, emaitzarik hoberena lortzen duen emakumezkoak eta gizonezkoak hartuko dute.

Bertzalde, Sarako Kilometro Bertikala Elgar Xut izeneko erronkarako ere puntuagarria izanen da. Erronka apirilaren 29an Azkainen eta maiatzaren 8an Behorlegin jokatu duten probek osatuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun