Maider Olaso

«Pastorala esperientzia ederra izan da»

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 19a, 09:00

Xareta osoa elkartu zuen Maddiren trajeria pastoralean parte hartu zuen Maider Olaso saratarrak, eta bizitako esperientziaz eta heldu den astean Bergaran eginen duten emanaldia mintzatu zaigu

Nola definituko zenuke zeure burua?

Ez da erraza niretzat. Galdera hori nire lagun eta kideei pausatu behar zaie.

Zein dira zure zaletasunak?

Lagunekin kantatzea, dantzatzea, erakusketetara joatea eta ezker eta eskuin ibiltzea herri desberdinak bisitatuz.

'Maddiren trajeria' pastoralean aritzen zara. Zein da zure papera?

Bi pertsonaia antzezten ditut: Ximena neskatila eta Bubarro basa sagua. Bukaeran, hiru lagunekin batera azken peredikua ematen dut ere.

Zergatik animatu zinen parte hartzera?

2010ean Saran egindako Oroitzapenetik bidaiarat ikusgarrian parte hartu nuen, baita 2016an egin zen Kabalkadan ere. Pastorala proiektu ederra eta interesgarria zela atzeman nuen, Xaretako lau herriak biltzeko ideia.

Lehen aldia da horrelako ikuskizuna egiten dela Xaretan?

Lehen aldia da lau herrien artean pastoral bat egiten dela, baina oroitzen naiz duela 30 bat urte uraren inguruko ikusgarri bat egin genuela Donibane Lohizuneko Jai-alaien, herri batzuk kantuz eta bertze batzuk antzerkia eginez. Pastorala esperientzia ederra izan da, ezagutza berriak egin ditut eta taldean elkartasun handia sortu da.

Lan handia izan da?

Bai. Hastapenean hamabortzetik behin biltzen ginen eta bukaeran igandero. Egun osoa elkarrekin pasatzen genuen; lanean, bazkaltzen, irrian eta marmarrean… lan handia bazen ere, merezi izan du. Batzuetan etxetik ateratzea zaila zen, baina errepika lekura ailegatzean zer plazera denak ikustea!

Nolako harrera izan zuen?

Emanaldien ondotik goresmen handiak izan genituen herritarrengandik eta biziki kontent gara!

Martxoan Bergaran errepikatuko duzue emanaldia. Gogotsu?

Bai, emanaldi horri esker partaide guziak berriz ikusten ari naiz.

Bertze herriren batean aritzeko asmorik duzue?

Ez, azken emanaldia dugu. Beraz, ez baduzue oraindik ikusi, zatozte Bergarara martxoaren 25ean!

Zure asmoak epe motzera?

Bergarako pastorala ahal bezain ongi ematea.

Eta epe luzera?

Taldean sortu dugun lotura eta harremanak luzez atxikitzea!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun