Nafarroako Ezagutza Sarearen Eguna ospatuko dute larunbatean Zugarramurdiko lezean

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 16a, 14:00

Autobusa antolatu dute eta ginkana, bazkaria eta Pottokaren Bidea egiteko aukera izanen da

Nafarroako Ezagutza Sareak egun osoko jardunaldia antolatu du martxoaren 18an, larunbatean, Zugarramurdin. Autobusa izanen du Iruñetik 09:30ean abiatuta, eta 10:45ean Elizondon geldialdia egin ondotik, Zugarramurdira ailegatuko da. 11:30ean antolatutako ginkana inauguratu eta abiatuko dute, eta 14:00etan bazkaria eginen dute Azketa jatetxean. Arratsaldean, berriz, Pottokaren Bidean ibilaldi gidatua eginen dute Urdazubiraino. Bueltatzeko autobusa 18:00etan Zugarramurditik abiatuko da eta ibilbidea eginen dutenak 18:30ean Urdazubin bilduko ditu.

Autobusean joateko aldez aurretik izena eman beharko da eta 20 euro ordaindu beharko dira, egun osoko plana barne hartzen dituztenak. Plazak mugatuak izanen dira, 50 gehienez, eta interesdunek galdetegi hau bete beharko dute.

Norbere kontura joateko aukera ere izanen da, eta autoak partekatzera animatu dute jendea. Bobazulora bisita librea izanen da 10:30etik 15:00etara, eta tarte horretan Sorginen Museoa eta haitzuloaren arteko ginkana postuak irekiak egonen dira. Ibilbidean sorpresa ugari izanen dira eta ginkanako zazpi geltokiak zigilatzen dituztenek altxor gastronomiko ttiki bat jasoko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun