Doinuele euskarazko plazen sarea aurkeztu dute gaur goizean

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2023ko mar. 15a, 19:00
Ekimeneko partaideek aurkeztu dute sarea. Irudia: Dani Blanco / Argia

Zortzi euskal herritako ekimenek osatu dute sarea, haien artean Baztango (H)ilbeltzak eta Sarako Ikusi Mikusik

Doinuele euskara hutsezko plazen sarea aurkeztu dute gaur goizean Bilbon hainbat kultur eragilek, «euskal literatura eta musikagintza sustatzeko». Zehazki, zortzi herritako zortzi ekimenek osatu dute sarea: Galdakaoko Sormenek, Zarauzko Literaturiak, Ziburuko Liburu eta Disko Azokak, Hernaniko Liburu eta Disko Azokak, Sarako Ikusi Mikusik, Baztango (H)ilbeltzak eta Azkoitiko Geure Gelatik ekimenak. «Aurrerantzean zortzi herrietako azoka edo plazen komunikazioan, bakoitzaren logoaz gain, Doinuelerena ere agertuko da, Euskal Herri mailan koordinatuak garela adieraziz».

Azaldu dutenez, zortzi herrietan errealitateak desberdinak dira: «batean euskara ofiziala baina derrigorrezkoa ez, bestean koofiziala edo soilik toleratua. Baina arazo bera; legezko babes ofiziala ukan edo ez, euskara hutsez  bizitzeko nekezia edo ezintasuna». Hizkuntzaren ezagutzak gora egin badu ere, «erabilerak kale».

«Noski, hizkuntza guztien arazoa da liburua eta diskoa ez daudela modan, baina egoera are larriagoa da minorizatuan dauden mintzairen kasuan. Ez da txikia eta arriskurik gabea euskara hutsez aritzeko hautua egitea: sortzaileek, idazle nahiz musikariek, murritzagoa publikoa; editore eta diskoetxeek apalagoa bezero kopurua; plaza eta azokek bisitariena».

Hala ere, «hor gaude, lehen eta orain aukera bera egin duten beste asko lez, euskara hutsak betetzen gaituelako. Aspertuta gaude gure hautua azaldu, justifikatu eta defenditu beharraz: euskaraz bizi nahi dugu normaltasunez, naturaltasunez eta lasaitasunez».

Helburua argi dute: «euskara hutsezko publikoa, irakurlegoa eta entzulegoa indartzea; euskaraz bizi den sarea zabaltzea; azokak errentagarri egitea, jendetsuak eta biziak, anitzak, euskararen komunitatearen topaleku eta ispilu; kultur sortzaileak, idazle eta musikariak, ilustratzaileak eta itzultzaileak, editoreak eta literatur aldizkariak sostengatzea; euskalduna den jendea liburu/diskora ekartzea eta liburu/diskoa herritarrei hurbiltzea; euskarazko liburu eta diskogintzaren aniztasun eta aberastasuna plazan ikusaraztea. Goxo eta atsegingarri baita euskaraz bizitzea: gure txikian bagara nor, hemen gaude eta egon gura dugu».

Euskara hutsezko plazen sarea «elkar sostengatzeko, ideiak eta esperientziak trukatzeko eta egutegia adosteko» sortu dute. Baina sarea ez da hetsia: «baliteke guk ezagutzen ez dugun beste antolatzailerik izatea, eta beraz, deia luzatzen diegu gurekin harremanetan sar daitezen. Ongi etorriak zarete, bidea elkarrekin eginez euskarazko bidea zabalduz joan gaitezen».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun