Su Ta Gar musika taldeak egin du aurtengo Herri Urratsen kanta

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 15a, 16:00

Maiatzaren 14an eginen dute aurtengo  Herri Urrats Senpereko aintziran, eta Seaska dagoeneko hasia da ekitaldia antolatzen. Egitaraua oraindik zehaztu ez badute ere, dagoeneko zabaldu dute abestia. Su Ta Gar Eibarko taldeak egin du eta entzungai dago dagoeneko. 

Atzo egin zuten abestiaren aurkezpena Baionan Su Ta Gar taldeko kideak bertan zirela. Urratsak zubi du izena kantak, aurtengo leloak bezala, eta taldekideek nabarmendu zutenez «ohorea» izan da abestia egiteko aukera izatea. Beren estilotik gehiegi urrundu gabe, «mundu guztiarentzat egokia den kantu bat» sortu nahi izan dutela azaldu zuten. 

Oraindik ez dute Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko bestaren egitaraua aurkeztu, baina, atzo aurreratu zuten Su Ta Gar taldearen kontzertua izanen dela bertze hainbat ekintzaren artean. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun