Lanbide «sentsua» dela dio «gure tradizioetan oinarritzen delako. Interesgarria atxematen dut kultura eta eskulana uztartzen baititu». Pilotak josten aspaldi hasi bazen ere, «oraino ikasten ari naizela erran daiteke». Xisterei dagokienez, «orain momentuko konponketak egiten ditugu, baina laster osoki berriak egiten hasiko gara».
Lanbidean «orokorrean jende gutti» aritzen dela aitortu du Grillardek, «baina bertze lanbideetan bezala, gogoa baldin baduzu eta zeure buruari mugarik jartzen ez badizkiozu, zure tokia atxematen ahal duzu arazorik gabe». Hortaz, «nire kasuan ez dut uste emakume izateak bidea zailagoa egin duenik. Nire izateko manera hala baita; helburu bat finkatzen dudanean, horretarako lan egiten dut sinpleki lortzeko». Bere lankide guztiak gizonak direla aitortu du, «baina ez dute desberdintasunik egiten, ezta nik ere. Denak maila berean garela sentitzen dut».
Hala ere, lanetik kanpo «eguneroko bizian kargak emazte eta gizonen artean ez dira beti orekatuak, nahiz eta garaiak aldatu diren eta jendea kontzientzia hartzen ari den. Nire kasuan lantokian eta etxean berdintasuna lortu dut. Aldiz, konturatzen naiz bertze batzuendako bidea oraino luzea dela.
«Emazte eta gizonen arteko harreman zaharrak arlo guzietan aldatu behar direla» azpimarratu du saratarrak, «alde batera utzi behar da gizon-emazte konparaketa hori eta nortasun gisa pertsona lehenetsi behar da».
Etorkizunera begira, «emazteak jendartean bere tokia atxematea» da bere ustez helburu nagusia, «baina ez gizonari kontra eginez, elkarlanean eramateko borroka baita. Ni baikorra naiz, aterabidea bakoitzak bere baitan duela pentsatzen dut».