Helduendako lau mendi lasterketa eta haurrendako Senpereko Ttiki Trail lasterketa eginen dituzte asteburu honetan Senperen

Ttipi-Ttapa 2023ko mar. 8a, 08:00

Argazkia: Senpereko Trail 2022.

Hainbat kirol hitzordu antolatu ditu Senpereko SPUC lasterketa elkarteak asteburu honetarako. Alde batetik, helduendako lau lasterketa iraganen dira larunbatean eta igandean. Eta bertzetik, aurten lehen aldikoz, Senpereko Ttiki Trail lasterketa eginen dute igandean.

Larunbatean 80, 42 eta 10 kilometroko lasterketak
  • Larunbatean, 05:00etan abiatuko da bigarren aldikoz antolatu duten Tontorrez tontor ultra trail lasterketa. 80 kilometroko proba da, 5.600 metroko desnibelarekin.
  • Geroxeago, 09:00etan, Gotorlekuen itzulia hasiko da, 42 kilometroko luzera, 2.800 metroko desnibela eta Larhungo gotorlekuen gaindi pasako den lasterketa.
  • Berantago, 11:00etan, Ibar Run Trail lasterketak hartuko du lekukoa, 10 kilometro eta 450 metroko desnibel positiboarekin.
Igandean Senpereko Trail

Igande goizean, 09:00etan abiatuko da Senpereko Trail ezagunaren hamaikagarren edizioa. 21 kilometro eta 1.100 metroko desnibela ditu mendi lasterkari ugari biltzen dituen probak. Oinezkoak ere ez dira ahantziak, eta bi ibilbide proposatuak dira lagunartean edo familian gozatzeko: 16 edo 9 kilometrokoak.

Senpere Ttiki Trail

Ez da igandeko hitzordu bakarra izanen. Lehen aldikoz Senpereko Ttiki Trail lasterketa eginen dute, igandean 09:15ean abiatuta. 2013 eta 2016 urteen artean sortutakoek 1,1 kilometroko ibilbidea izanen dute eta 2009 eta 2012 urteen artean sortutakoek 1,6 kilometrokoa. Izen emateak urririk izanen dira egunean berean eta helmugara iristean opari ttikia eta krakada izanen da denentzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun