Espekulazioaren kontra lanean hasi dira Saran

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 25a, 08:00

200 bat lagun bildu ziren urtarrilaren 22an Saran espekulazioaren kontra egindako manifestazioan.

945.000 eurotan saltzeko emana zen Sarako etxearen kasuarekin gainezka egin dute saratarrek, baina arazoa aspalditik heldu dela argitu dute. Etxebizitza espekulazioarekin kezkatuta, Saran Bizi taldea sortu dute eta jendeak gaiaren inguruan kontzientzia hartzea nahi dute

Aski dela erran dute saratarrak, herriak bizi behar duela. Ez dute espekulaziorik nahi, «ez Saran, ez nehon» eta karrikara atera dira hori aldarrikatzera. Harrabots haundia sortu du hastapenean 945.000 eurotan eta gero 720.000 eurotan saltzeko eman duten Sarako etxearen kasuak. Aspalditik heldu zen arazoa lehertu egin da horrekin. Arazoa, ordea, ez da etxe horrena bakarrik, azken urteotan bizitegien prezioak aunitz emendatzen ari dira Saran, Battit Laborde Sarako auzapezak dioenez, «alimaleko prezioetan emanez». Horrek ezinegona sortu du herritarren artean, eta Saran Bizi taldeko Oihana Blancok erran duenez, baita «kolera» ere. Etxebizitza espekulazioaren kontra Saran Bizi taldea sortu dute.

Urtarril erditsuan sortu zuten taldea. Blancok esplikatu duenez, «Saran duela ainitz bada problema hori, eraikitzeko lurrak eta etxeak kristoren prezioetan dira». Azken kasu horrekin, ordea, gainezkoa egin dute: «Kasik milioi bat eurotan eman zuten saltzeko, etxea plaza ondoan da eta segidan begiz jo genuen. Gazteon artean partekatua izan zen». Hortik abiatuta mugitzea erabaki zuten: urtarrilaren 22an 200 bat lagun bildu ziren manifestazioa egin zuten, eta geroztik bi bilkura ere egin ditu: «lehen bilkuran 43 lagun bildu ginen, tartean hamasei hautetsi, eta bigarrenean 20». Garbi utzi du «herritarren mugimendua dela, hautetsiak ere herritar bezala heldu dira. Alde ainitzetako jendearengan sumatu dugu egoera aldatzeko nahia eta hori plazer da».   

Saran Bizi taldeko Oihana Blancok Euskal Herria ez dagoela salgai nabarmendu du.

«Gazteek bertan gelditzeko arazoak dituzte»

Labordek onartu duenez, «beti uste izan dugu Saran bertzeetan baino gutixeago izan dela espekulazioa, baina bistan da da bertzeetan bezala badela hemen ere. Bizitegiak halako prezioetan ematen baldin badituzte...». Gaineratu duenez, «lehenago Hego Euskal Herrira begira egoten ginen, bizitegiak ikaragarri garestiak ziren. Izan dira jendea Hegoaldetik Iparraldera bizitzera etorri diren momentuak; Hendaia erdia baino gehiago Hegoaldekoa da. Gu, orduan, ez ginen hainbertze hunkituak. Baina orain hona ere ailegatu da».

Etxebizitzen inguruko arazoa orokorra da Ipar Euskal Herrian. «Begiratu kostako herri horiek», erran du auzapezak: «lanean ari den jende xehea bakantzen eta urruntzen ari da, ez baitu prezio horietan bizitegia atzemateko aukerarik. Administrazio publikoak alokatzeko edo prezio apaletan emateko bizitegiak eraikitzen ahal ditu. Publikoak baditu tresnak etxeak erosteko, baina beharrik badiren prezio egokian ematen dituzten etxejabeei. Prezio altu horietan herriko etxeak ere ezin izanen luke erosi».

 

Frantziako jende sosduna

Blancoren hitzetan, «Frantzia aldeko jende sosdunak dira» hain kario ematen dituzten etxebizitza horien erosleak: «Jende erretratu aunitz, gazteak ez hainbertze. Eta espekulatzaileak ere bai. Haiei ez zaie inporta etxea 500.000 eurotan erosi eta 800.000 eurotan saltzea». Horrekin arrangura da auzapeza: «etxeak ez ditu Hegoaldetik heldu den jendeak erosten. Gure kultura eskuratzen ez duen Frantziako jendea da hemengo bizitegiak erosten ari dena. Jendea pittaka-pittakan heldu denean, herritar bilakatzen dituzu, baina halako tropak heldu direnean ez dute gure kultura barneratzen. Gure izpiritu euskalduna lekutan gelditzen da».

Jende erretretatuaz gain bertzelako joera sumatu du Labordek: «Zuntza dela, telelana dela... Horiek denak emanez, uste duzu norbaitek luzez dudatuko duela Parisen karrika zahar batean, kepean edo ilunpean bizi edo Saran edo Senperen bizi? Soldata ona duen jendea da, telelanaren bidez lan egin eta hemen bizitzeko aukera duena». Bide beretik, «bigarren bizitegia dutenak ere urte batzuen buruan bizitzera etorriko direla» uste du. «Problematika gotorra da».

Battit Laborde Sarako auzapeza egoerarekin kezkatua dago.

«Onesgarriak ez diren gauzak ari dira pasatzen»

Bai Blancok baita auzapezak  ere argi utzi nahi izan dute «denon arazoa eta ardura» dela. Auzapezak gaineratu duenez, «Herriko etxean eginahalak egiten ditugu. Herriak baditu etxeak erosiak prezio onesgarriak ezartzeko, baina hori ez da aski. Espekulazioaren gaineko lan haundia egin behar da».

Hain zuzen, espekulatu nahi dutenen jarrera salatu du Labordek: «Aunitzek lur bat eta etxe bat hartu, pixka bat antolatu, han bizi direla erran, eta bi urteren buruan kristoren irabaziak ateraz saltzen dute. Hori ez da onesgarria». Horregatik dio «gutako bakoitzak kontzientzia hartu» behar dugula; «gure Euskal Herrian zer nahi dugun galdegin behar diogu geure buruari. Izanen dira milioi bat euro balioko duten etxeak, baina 200.00 eurotan egindako etxe bat milioi bat euroan saltzea ez da onartzen ahal». Gisa berean, «turismoaren orekaz» aritu da: «Turismoak hein batetik goiti herria izorratzen ahal du, eta hein batean mantentzen bada, lagundu. Ez duzu erraten ahal turismorik ezetz, baina hor ere baitezpadakoa da oreka».

 

Lehena: diagnostikoa

Egoerari buelta eman nahian, hiru lantalde egin dituzte Saran Bizi taldean: «talde bat diagnostikoa egiteaz arduratuko da, bertze bat kontzientziazioaz eta hirugarrena elkarlanerako sarea muntatzeaz». Blancok horietako bakoitza azaldu du: «Diagnostikoa eginez Sarako etxebizitza beharrak aztertu nahi ditugu: zenbat pertsonek nahi duten alokairuan hartu, zenbatek erosi gogo duten etxea eta zenbatek pisua, zenbatek ez duten jabetzan etxerik hartu  nahi... ». Gaineratu duenez, «Saran badira urteko sasoi jakin batzuetan alokatuak diren etxeak, eta bertako gazteek zailtasunak dituzte etxeak alokatzeko. Hori ere aztertu nahi dugu. Badakigu urte osoan alokatuta tasak altuagoak direla jabearentzat, kariago ateratzen zaiela. Horregatik urte osoan alokatzeko laguntza eman nahi diegu». Laburbilduz, «Sarako argazki bat atera  nahi dugu, bakoitzaren beharren arabera, bizitzeko bertze ereduak eta aukerak ere aztertuz».

 

Bigarrena: kontzientziazioa

Bigarren lantaldea kontzientziazioaz arduratuko da: «Guretzat inportantea da saratarrak nor garen kontzientzia hartzea. Euskaldunak gara, euskaldun giroan haziak. Hori atxikitzeko gaurdanik lan egin behar da». Eta bide beretik, «herritarrek etxebizitzen prezioen inguruko kontzientzia hartzea» nahitaezkoa iruditzen zaie: «Jendeak merkatuko prezioetan salgai ematen dituela erraten du. Bai, baina nork finkatu du merkatuko prezio hori? Agentziak eta bankuak daude gibelean. Prezioak igotzea eta espekulatzea beraien jokoa da. 'Auzoaren etxea prezio horretan saldu bada, zergatik nirea ez?', galdegiten du jendeak. Zaila da prezioa apaltzearen garrantziaz ohartzea, baina kontzientzia hartu behar dugu».

Bertzetik, Sarako «familia etxe haundien» kasua ekarri du gogora: «300-400 metro koadroko etxeak dira. Sosa kostatzen da horiek mantentzea, eta aunitzek berritu ezin dutenez saldu egiten dituzte. Jendeak jakin behar du gobernamenduak berritzeko laguntzak ematen dituela».

Espekulazioaren kontrako mezuak egin zituzten saratarrek urtarrilaren 22ko mobilizazioan. Argazkia: Patxi Beltzaiz

 

Eta hirugarrena: elkarlana

Hirugarren lantaldea sareaz arduratuko da, «hau da, eroslearen eta saltzailearen arteko bitartekaritza egiteaz. Adibidez, norbaitek etxea saldu nahi du, eta herriko etxera joaten bada, eta han baldin badakite hiru gaztek erosi nahi dutela, herriko etxeak edo guk bitartekari lana egiten ahal dugu etxea saratarrei emateko. Eta gauza bera alokairuarekin».

 

Sarako etxebizitzen egoera

Blancok INSEE Frantziako Estatistika eta Ekonomia Azterketen Institutuaren datuak aipatu digu etxebizitzen egoera zein den ezagutarazteko. «Saran, guztira, 1.497 etxebizitza daude. 80 urte osoan hutsik daude (% 5,34), eta 343 bigarren etxebizitzak dira (% 22,91). Beraz, urte osoan hutsik daudenei bigarren etxebizitzak gehituta 423 dira (% 28,26)».

Auzapezak dioenez, «saratar gehienak gure etxeetan bizi gara, guti dira herrian bordari». Baina beldur da gertatzen ahal denarekin: «Herriak bizitegiak alokatzen ditu, Apezetxean ere bizitegiak egin nahiko genituzke. Hortik aparte, gaur egun badira bizitegiak arrazoizko prezioan. Baina herritarrak kario ematen hasten badira, beraiek urratuko dute herria. Azkenean gure haurrei ere ezin izanen diegu etxea eman». Azaldu duenez, «zure etxea ondorengoei eman nahi badiezu, prezioa notarioak estimatzen du, eta horren gainean ehuneko bat zerga bidez ordaindu behar da. Merkatuan dauden prezioen arabera estimatzen badituzte prezioak, azkenean ez diezu pasatzen ahalko zure haurrei. Badakizu zer diruak estimatuko dituzten eta zenbat ordaindu beharko duzun zergetan?. Harrigarria da, herritarrentzat kalte haundia».

Blancok, berriz, dagoeneko gazteek etxebizitza eskuratzeko arazoak dituztela aitortu du: «Gazteek ezin dute bertan gelditu, eta ondoko herrietan ere zaila denez, ez dakit non bukatuko dugun, Saratik urrun. Eta Bidarrain bizi den batek ere gauza bera erranen dizu,  han ere sumatzen hasiak baitira».  Sarako kasuan, «gurasoek ez badute lurrik edo etxerik uzten, gazteek ezin dute deus erosi». Eta adibide bat aipatu du: «bada lur eraikigarri bat 250.000 eurotan salgai emana. Nola nahi duzu lurra prezio horretan erosi eta materialen prezioen emendatzearekin etxea hor egin? Igual bikotekidea baldin baduzu, zerbait eginen duzu, baina independentea izan nahi baduzu, ezin duzu ezta pisu bat ere erosi Saran».

 

Itxaropentsu

Kezkak kezka, Labordek argi izpi bat ikusten du eta itxaropentsu mintzo da: «herri hau pittaka muntatua da, eta gaur egun baditu hiru eskola, haur aunitz, hainbertze elkarte... Dinamika haundia duen herria da. Herria denok egiten dugu, eta denon artean lanean segitu behar dugu. Norbere xilkoari begiratu gabe, elkar sustengatzen badugu iruditzen zait badirela aterabideak. Badut sinestea eta esperantza herritarrengan, eta batez ere gazteengan. Jendea onerako eta txarrerako izaten da, baina onerako hasten denean gauza xoragarriak egiten ditu».

Eta Blancok hausnarketarako gonbita egin du:  «Zer nahi dugu geroko? Zer nahi dugu gure haurrentzat? Zein ingurutan bizi nahi dugu? Nola mantendu nahi dugu euskalduntasuna? Has gaitezen gaurdanik lanean. Bertzela, zer izanen dugu 20 urteren buruan?». Horrekin batera abisua ere luzatu du: «Euskal Herri euskalduna nahi dugu eta Euskal Herria ez dago salgai».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun