35 bozeko aldearekin Elhorgaren zerrenda nagusitu da Senpereko herriko bozetako lehen itzulian

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 20a, 10:30

Hainbat dimisioaren ondotik, herriko bozak egin behar izan dituzte berriz Senperen. Atzo egin zuten lehen itzulia eta hiru talde aurkeztu ziren: Dominique Idiart auzapezaren Elgarrekin Senpererentzat, Christophe Jauregi hautagaia duen Hats Berri taldea (abertzaleen eta Idiarten zerrendakoen artean osatutakoa) eta Bernard Elhorga buru duen eskuin zentroko Egin Senpererentzat (Agir pour Saint-Pee). Azken hori nagusitu zen, baina Hats Berri taldeari boz guttiko aldea aterata. Hiru taldeak heldu den igandeko bigarren itzulian izanen dira.

Kargualdiaren erdian egin behar izan dituzte bozak Senperen, duela hilabete batzuk 29 kontseilarietatik 17k dimisioa eman ondotik. 5.541 lagunek zuten boza emateko eskubidea atzo, eta 3.181 lagun hurbildu ziren Senpereko Gaintxiki trinketera. Horien artean Elhorgaren zerrendak lortu zuen babes haundiena, 1.115 bozekin, baina 35 bozeko aldea baino ez zion atera Jauregiri. Honek 1.080 boz bildu zituen. Egungo auzapezaren taldea gelditu zen hirugarren, 891 boz lortuta.

Hala ere, heldu den igandean eginen den bigarren itzulian hiru taldeek aurkezteko aukera izanen dute. Hautatutako taldeak 2026ra arteko agintaldia izanen du.

Xehetasun gehiago hemen.

2020ko bozak Senperen
Lehen itzulia:
  • Agir Autrement (Senpere): 1.192
  • Elgarrekin Senpererentzat: 1.171
  • Senpere bai: 474
  • Errolda: 5.113
  • Abstentzioa: % 43,40
  • Baliogabeak: 38
  • Zuriak: 19
Bigarren itzulia
  • Elgarrekin Senpererentzat: 1.674
  • Agir Autrement (Senpere): 1.589
  • Errolda: 5.113
  • Abstentzioa: %35,07
  • Baliogabeak: 38
  • Zuriak: 19

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun