Manex Etxeberri Pacheco

«Trinketean bakarrik egotean ikasten dugu emozioak kontrolatzen»

Ttipi-Ttapa 2023ko ots. 18a, 09:00

16 urteko saratar gaztea da Manex Etxeberri Pacheco, «bi arreba ditut, Julene eta Laida». Angeluko Cantau lizeora joaten da, eta zurgin lanbidea ikasten ari da bertan. Zaletasun anitzeko mutila da; «mendian ibiltzea eta lasterka egitea gustuko dut, eta anitz maite dut bertsoak entzutea». Baina, batez ere, pilota du afizio.

Lehenbiziko pilotakadak

Sei urte zituela hasi zen pilotan jokatzen, «lehenbiziko joko garbin aritzen nintzen, eta gero esku-huskan hasi nintzen». Hasieran «nire ottorekin eta aitarekin» joaten zen pilotan aritzera, baina gero Sarako pilota eskolan sartu zen, «eta anitz maitatu nuen kirol bezala. Geroztik jokatzen segitu dut».

Hala ere, «entrenamendu gutti» egiten dituela aitortu du; «asteazkenetan ordu batez entrenatzen naiz, eta larunbatetan partida izaten dut, baina partidarik ez dudalarik ere entrenamendua izaten dut». Honez gain, «astelehen eta ostegunetan fisikoa lantzen dut ordubetez».

Txapelketetara jauzia

«Zazpi edo zortzi urte» zituela hasi zen Etxeberri lehenebiziko txapelketetan parte hartzen, eta geroztik hainbat pilotaleku eta trinketetan aritu izan da Sarako Izarra pilota taldearekin. 

Berriki, Frantziako eskuz binakako trinkete txapelketan parte hartu du Eñaut Zozaiarekin batera, baita emaitza ona lortu ere: txapeldunordeak izan dira, Arrangoitzen jokatutako finalean 40-32 gelditu ondotik bikote irisartarraren kontra.

«Pilotari ona izateko buruak eragiten du gehienbat»

Horrelako finala jokatu izana «esperientzia bikaina» dela dio Etxeberrik, «anitzetan finalerdietan galdu izan dugulako». Finala ikustera «jende anitz» hurbiltzen da trinketera, «eta horrek giroa ematen du. Biziki ederra da horrelako giro batean pilotan aritzea».

Ametsa bete nahian

Pilotari ona izateko, «anitz entrenatu behar da fisikoki ongi egoteko, baina gehienbat buruak du eragiten. Sakrifizioak egin behar dira, bestara gutti atera eta denboraren gehiengoan pilotan kontzentratuz».

Hau segituz, «pilotaz bizitzea» du ametsa; «aukera baldin badut, Hegoaldean nahiagoko nuke aritu, hemen ezin baita pilotaz bizi». Hau «pilotari guzien ametsa» dela dio, «baina badakit zaila dela».

Aurten buruz buruko partidak jokatzen hasi berri da Etxeberri, eta banaka edo binaka jokatzea aukeratzerakoan, «banaka» aritzea du nahiago. «Trinkete batean bakarrik izatea maite dut. Hor ikasten dugu gure emozioak kontrolatzen. Galdu edo irabazi, zure falta edo zuri esker izanen da».

Honez gain, frontoiak baino, trinketeak ditu nahiago, «pareta anitz baitituzte, eta joko gehiago egiten ahal da horrekin. Puntua fiteago egiten da eta jokoa biziagoa da». Frontoiaren jokoa, aldiz, «kontrakoa da: partida batek bi ordu baino gehiago irauten ahal ditu, eta pazientzia behar da».

Ttikienei erakusten

Sarako trinketean herriko haurrak entrenatzen hasi da aurten. «Maite dut haurrei gauza berriak erakustea, eta saiatzen naiz ahulenak eta azkarragoak direnak nahasten, bakoitzak dituen gaitasunak ikusteko. Esperientzia bikaina izaten ari da eta anitz ikasten ari naiz, batez ere nola irakatsi».

«Maite dut haurrei pilotan aritzen irakastea»

Eskualdeko pilotarien artean «maila ona» ikusten du Etxeberrik Iparraldean. Hegoaldean, aitortu duenez, «ez dakit batere nolakoa den maila». Hala ere, pilotaren munduan Jokin Altuna da bere erreferentziazko jokalaria; «pilotari biziki ona eta bizia da. Bera bezalako jokalaria izateko gogoa dut. Ilusio handia egiten dit bera aritzen ikusten dudalarik».

Etorkizunera begira

Etorkizunean «pilotarekin zerbait egiteko» gogo du Etxeberrik. «Pilotaz bizitzea lortzen ez badut, zurgintzan arituko naiz, baina kirolarekin zerikusia duen ofizio bat izatea gustatuko litzaidake. Gainera, gustuko dut haurrak entrenatzea eta nola hobetzen duten ikustea».

Azkenik, eskerrak eman nahi izan dizkie «nire familiakoei, beti hor baitira nire partidetan, baita nire pilotako bikotekide Eñauti eta nire bi entrenatzaileei ere, Tito eta Patrick. Baina bereziki nire arrebak eskertu nahi ditut, alimaleko sustengua ematen baitidate».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun