Senpereko Trail arrakastatsuaren hamaikagarren edizioan abian da, modurik azkarrenean. SPUC Lasterka elkarteak helduendako lau lehiaketa aurkeztu ditu martxoaren 11n eta 12an, iraganen diren hitzorduetara. Joan den urtean 2.000 korrikalari baino gehiago izan ziren asteburu horretan. Aurten, gainera, lehen aldikotz Senpereko Ttiki Trail lasterketa eginen dute, igandean 09:15ean abiatuta.
2013 eta 2016 urteen artean sortutakoek 1,1 kilometroko ibilbidea izanen dute eta 2009 eta 2012 urteen artean sortutakoek 1,6 kilometrokoa. Izen-emateak urririk izanen dira egunean berean eta helmugara iristean opari ttikia eta krakada izanen da denentzat.
Larunbatean 80, 42 eta 10 kilometroko lasterketak
Larunbatean, 05:00etan abiatuko da bigarren aldikoz antolatu duten Tontorrez tontor ultra trail lasterketa. 80 kilometroko proba da, 5. 600 metroko desnibelarekin. Denok ulertu dugu goi mailako lasterkariei zabaldua dela.
Geroxeago, 09:00etan, Gotorlekuen itzulia hasiko da, 42 kilometroko distantzia, 2.800 metroko desnibela eta Larhungo gotorlekuen gaindi pasako den lasterketa. Hau ere ohitura dutenei edekia da.
Berantago, 11:00etan, Ibar Run Trail lasterketak hartuko du lekukoa, 10 kilometro eta 450 metroko desnibel positiboarekin, hau amateurrendako.
Igandean Senpereko Trail (21 km)
Igande goizean, 09:00etan abiatuko da Senpereko Trail ezagunaren hamaikagarren edizioa. 21 kilometro eta 1.100 metroko desnibela ditu mendi lasterkari ugari biltzen dituen probak. Oinezkoak ere ez dira ahantziak, eta bi ibilbide proposatuak dira lagunartean edo familian gozatzeko: 16 edo 9 kilometrokoak.