Agiantzak egin dituzte Sarako auzapezak eta herriko kontseiluak

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 31a, 17:00

Battite Laborde Sarako auzapezak, bere kontseiluarekin, agiantzak egin zituen urtarrilaren 27an, ortzirale arratsean. 120 bat lagun bildu ziren Lur Berri gelan, hiru urte baitziren ez zirela elkarretaratuak: herriko elkarteetako ordezkariak, herriko enplegatuak, eskoletakoak, suhiltzaileak, Xareta eta bertze. Aurten Berako udal ordezkariak ere izan ziren, Larrungo sua izan zelarik elkar lagundu baitzuten.

Stephane Barneixe lehen axuantak eman ditu 2022an egindako lanen eta 2023an egitekoak direnen berri. Bideak trontzoka eraberrituko dituzte. Portutik Añimainerat jendea ibiltzeko bidea hiru kolpetan eginen dute eta fite hasiko dira, Portuko biribiletik Antxipiko alderaino, eskolako haurren autobusa geldituko da Portuko biribilaren ondoan lanak bukatu arte, apirilaren hondarrean. Bertze kolpea, Antxipitik Anaerroko alderaino, urrian eginen dute eta hortik Añimainerat 2024an.

Sophie Garbiso, gai sozialetako axuantak, jende ainitzi laguntza ematen dietela jakinarazi zuen: paperak betetzeko, erretretatuen ateraldiak eta oturuntzak, CCAS elkartea antolatu hor ere laguntza ekartzeko eta aurten ere horrela segituko dutela erran zuen. Apezetxean lau etxebizitza sozial eginen dituzte.

Patxi Bazurko Jauregi kulturako axuantak, euskara beti goiti eman nahi dutela jakinarazi zuen eta horretarako hartu dute Jose Cazaubon kultur enplegatu gisa.

Maritxu Arizkorreta eskoletako axuantak aipatu zuenez, aisialdi zentroan gero eta gehiago haur badira, orduan behartuak izanen dira selekzioa egitera.

Carmen Errandonea laborarien axuantak laguntza ekartzeko eginahalak egiten dituztela jakinarazi zuen, «ez aspaldi sei gazte muntatu dira herrian, eta horiek ongi segitzen dute».

Bukatzeko, Jean Michel Jauregi diruzain axuantak, EPFL elkartearen eskutik Kurriartegia 290.000 eurotan eta Etxeberria 179.000 eurotan hartuko dituztela aipatu zuen, kontuak positiboan dituztela, baina martxoan buxeta bozkatuko dutela eta hor dena emana izanen dela.

Beti bezala, agiantzen ondotik izan da pintxo eta edateko denentzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun