Urdazubiko frontoiko argiak erabiltzeko sistema berria martxan ezarri dute

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 29a, 11:00
Pilotaren Eguna Urdazubiko frontoian.

Makina konpondu ondotik Urdax Servicios aplikazioaren bitartez erreserbatu eta ordain daiteke

Azken aldian Urdazubiko frontoiko argiak berriz ere martxan jartzeko lanean ibili da udala eta urte hasieran ailegatu da. Dagoeneko martxan dute sistema berria. Ia urte batez argirik gabe egon da pilotalekua, lehen erabiltzen zen makina sarritan hautsita agertzen baitzen eta sistema berria paratzeko lanean ibilki baitziren orain arte.

Honela, Urdax Servicios mugikorreko aplikazioa sortu dute, frontoiko eta futbito zelaiko argiak martxan jartzeko erabiltzen ahal dena.

Aplikazioa

Urdax Servicios aplikazioan erregistratu, erabili nahi den instalazioa, eguna eta ordua aukeratu eta Internet bidez erreserbatzeko eta ordaintzeko aukera izanen da, baita udalarekin harremanetan jartzeko ere. Hala ere, aipatzekoa da, aplikazioa gaztelera hutsean dagoela oraindik.

Ea aplikazio berri honekin hobeki funtzionatzen duen zerbitzuak eta herritarrek frontoia gehiago baliatzen duten kirola egiteko! Eta aplikazioa euskaraz izatea ere ederki legoke!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun