40. Herri Urrats maiatzaren 14an izanen da

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 26a, 11:30

Atzo aurkeztu zuten Herri Urrats bestaren 40. edizioa Baionan. Maiatzaren 14an iraganen da Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko besta erraldoia, ohi bezala, Senpereko aintziraren inguruan. Aurtengo dirua Senperen egiten ari diren Seaskaren bosgarren kolegioko obrak egiteko bideratuko dute.

Urrats zubi leloa aukeratu dute aurtengo Herri Urrats bestarako eta Su Ta Gar taldeak eginen du kanta. Herri Urratseko ordezkariek azaldu dutenez, «zubiek herri hau batu egiten dute. Zubiek punta bat eta bertzea batzen dute, eta Herri Urratsek azken 40 urte hauetan zubi lan handia egin du Iparraren eta Hegoaren, euskararen eta jendartearen artean, Seaskaren eta jendartearen artean, Ikastolen eta jendartearen artean». Horrekin batera, «40 urte hauetan eman ditugun urratsek zubiak eraikitzeko eta hauek indartzeko balio izan dutela eta, etorkizuna segurtatzeko, garrantzitsua» iruditu zaie «zubiak eraikitzen eta hauen zimenduak indartzen jarraitzea».

Senperen egiten ari diren kolegioko obrak egiteko izanen da bildutako dirua. Heldu den ikasturtetik aitzinera hartu nahi dituzte ikasleak. Gisa honetara, Ziburuko Manex Erdozaintzi Etxart kolegioko ikasleen kopurua arindu nahi dute.

Maiatzaren 14a baino lehen hainbat hitzordu:

  • Otsailaren 2an, Goazen telesailaren 9. denboraldiko azken kapituluaren aurrestreinaldia emanen dute Donibane Lohizunen. Berez, otsailaren 3an bukatzekoa da Goazen, baina bezperan, otsailaren 2an, azken kapitulua emanen dute, aktoreak bertan direla. Le Sélect zinema gelan egin dute hitzordua, 18:30ean.
  • Martxoaren 4an, berriz, Delirium Tremens eta Unidad Alavesa taldeen kontzertua antolatu dute Miarritzen, Atabal gelan.
  • Martxoaren 5ean Hitzetik Urratsera bertso saioa eginen dute Senpereko Larreko gelan. Txapelketa Nagusiko zortzi finalistak gonbidatuko dituzte.
  • Apirilaren 2an, berriz, besta haundia eginen dute Baionako Lauga gelan, alde batetik, Herri Urratsen 40. urteurrena ospatzeko eta bertzetik, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen 35 urteak ospatzeko.
  • Sarrerak herriurrats.eus webgunean eros daitezke: Goazen ikusteko sarrerak bederatzi eurotan, bertso saiokoak 12 eurotan eta urtebetetze bestakoak 10 eurotan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun