Etxebizitza espekulazioaren kontrako elkarretaratzea egin dute Saran

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 23a, 16:00

Sarako etxebizitzen % 25 bigarren egoitzak direla eta 80 hutsik daudela jakinarazi dute.

Etxebizitza espekulazioaren aurkako elkarretaratzea egin zuten atzo Sarako plazan. Bertan bildutako berrehun bat lagunek Herriko Kontseiluari borroka horretan parte har dezan galdegin zioten. Hurrengo egunetan, bilkura bat eginen dute, zer egin behar den eztabaidatzeko.

Duela egun batzuk jakin zen bazela etxebizitza bat salgai Saran 945.000 eurotan. Itxura denez, jabeak manifestazio bat izanen zela jakin zuelarik 720.000 eurotara jautsi zuen prezioa. Kari horretarat Mattin Oronozek euskaraz eta Oihan Blancok frantsesez esplikazioak eman zituzten atzo plazan.

Sarako etxebizitzen lautik bat bigarren egoitzak dira

Adierazi zutenez, «Saran ere, Euskal Herriko bertze herrietan bezala, bada espekulazioa, badira jadanik, etxe edo apartamentu salduak beraien preziotik goiti, baina oraingo honek basoa gaindika eman du, ezinezkoa baita herriko gazteek eta bertze inork etxebizitza erostea prezio horretan». Datuak ere eman zituzten: «Saran badira % 25 bigarren egoitzak, etxebizitzen % 4, laurogei bat hutsik daude. Etxebizitzen % 30 sasoiko etxebizitzak dira. Ez hori bakarrik, errenta urtero altxatzen da». Egoera hori ikusita, «agentzien metodo txarrak» gaitzetsi zituzten: «beti diru gehiago irabazi nahi. Saila hau behar litzateke gelditu, zeren ezinezkoa baita herrian bizitzea».                                                                   

Fabrice etxejabeak ere nahi izan zituen bi hitz erran: bera ofiziokoa dela aipatu zuen eta «oraingo mementoetan etxea egiteko materialaren prezioak goiti» egin duela. «Bere etxea modu ekologikoan eta ekonomikoan» egin duela ere adierazi zuen eta «horrek gastu handia» eragiten duela. Baina ez zioten bere esplikazioak finitzen utzi. «Horrelako etxe ekologikoa eta ekonomikoa zertarako saldu eta ez bertan bizitu?» galdegin zioten plazan bildutakoek. Etxe eder horren ikusterat ere joan ziren, baita ikusi ere. Badira bi lur salgai igerilekuko azpiko aldean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun