Jantokietako elikamoldeei buruzko mahai-ingurua eginen dute urtarrilaren 28an Bidarten

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 11a, 13:00
Bizi! eta Hitza Hitz-eko begiraleak, mahai-inguruaren aurkezpenean.

Bizi! Eta Hitza Hitz-eko begirale ekologistek, jantokietan elikadura sanoago eta ekologikoagoen aldeko kanpainaren baitan

Bizi! eta Hitza Hitz-eko begirale ekologistek, jantokietan elikamolde sanoago eta ekologikoagoen aldeko kanpainaren baitan, Jantokia: klima eta haurren osagarriarentzat palanka! mahai-ingurua antolatu dute urtarrilaren 28an. Larunbatean 10:00etarik 12:00etara (harrera 09:30ean eta haurren xokoa apailatua) iraganen da Bidarteko Jean Jaccachoury lehen mailako eskolan, eztabaiden ondotik janari-mahai bat eskainia izanen da. Izen-ematea

Mahai-inguru honetako hizlari nagusiak Isabelle Pargade, Hazparneko auzapeza eta biharko laborantza eta elikaduraren Euskal Elkargoko presidenteordea, Christelle Laborde, Bidarteko Haurtzaro eta Gazteria saileko arduraduna, eta Hélène Labrosse, Lekorneko jantegiaren aldaketan buru belarri sartua den burasoa, izanen dira.

Zailtasunak eta aterabideak eztabaidatuko dira, jantokiak animalia produktu gutiagori eta hobeagoei buruz bideratzeko, elikagaien xahuketa murrizteko eta tokiko elikagai biologikoen presentzia handitzeko, haurren osagarriaren eta klimaren onerako.

Ipar Euskal Herriko metamorfosi ekologikoaren aldeko ituna

2020an, 46 Herriko Etxe eta Euskal Elkargoa engaiatu ziren, Ipar Euskal Herriko metamorfosi ekologikoaren aldeko Ituna sinatuz, "Kolektibitatearen jantokietan tokiko menu biologikoen eta hautu begetarianoaren alde ekitera". Gure egungo jan-moldeak frantses Estatuko karbono aztarnaren ¼ ordezkatzen du animalia produktuen gehiegizko kontsumoaren ondorioz.

Alta, joan den irailean, bederatzi jantokik ez zuten asteko bazkari begetarianoa eskaintzen, legea urratuz. Gainera, jarraituak diren 15 hirietatik bik baizik ez dute Proteinen Dibertsifikazio Plan eraginkorra plantan eman. Azken 4 urteetan beharrezkoa den plan honek animalia-proteinaren partea murriztea eta landare-proteinarena handitzea du helburu. Gaur egungo animalia-produktuen gehiegizko kontsumoak eragin handia du haurren osagarrian eta hunkitzen dituen lurraldeetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun