Euskal Herriko Laborantza Ganbarak 18. urtebetetzea ospatuko du urtarrilaren 21ean

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 10a, 17:00
Euskal Herriko Laborantza Ganbarak 18 urte beteko ditu. Argazkian, Ainhize-Mongoloseko egoitza ageri da.

Ainhize-Monjolosen eginen dute urteko bilana eta bazkari herrikoia

Euskal Herriko Laborantza Ganbararen 18. urtebetetze eguna urtarrilaren 21ean ospatuko dute Ainhize-Monjolosen. Urteko bilana, aperitifa eta bazkari herrikoia izanen dute eta gaualdia musikarekin.

Egitarauari dagokionez, urtarrilaren 21ean, larunbatean 09:45ean 2022 urteko bilana eginen dute. Alde batetik, Baigorriko Herriko Etxeak manatu herriko laborantza diagnostikoaren emaitzak aurkeztuko dituzte. Baigorriko hautetsiek izan dituzten motibazioak, helburuak eta proiektuak azalduko dituzte. Bertzetik, mendiaren erabilpenaz bortz urteko ikerketaren aurkezpena ere eginen dute: paisaiaren bilakaera, belar ekoizpena eta euskal mendiaren kudeaketa-tresnak.

 

Bazkari herrikoia eta gaualdia musikarekin

13:00etan aperitifa izanen dute eta 13:30ean bazkari herrikoia, tokiko eta kalitatezko osagaiekin prestatua. Bertan bazkaltzeko aitzinetik erreserbatu behar da tokia, www.ehlgbai.org webgunean edo 05 59 37 18 82 telefonoan. Menua 25 euro/eusko ordaindu beharko da eta haragirik gabeko menua nahi bada, 20 euro/eusko.

Menuari dagokionez, salda, Oztibarreko axurkia ilarrekin, gasna eta euskal bixkotxa, Irulegiko arnoa, kafea eta ondokoa izanen dute.

Bazkalondoa luze joanena da eta arratsean gaualdia izanen da musikarekin: Zeze, Gezi Taldea, The Lookers, Aho Zakil Konekxion, DJ Xa2 eta DJ K-Püx.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun