Hatsa elkarteak 'Hatsaren poesia' liburua osatzeko olerkiak jasotzeko epea urtarrilaren 15ean bukatuko da

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 4a, 12:00

Hatsa elkarteak Hatsaren poesia liburuaren 25. edizioa argitaratuko du heldu den urtean, eta zilarrezko urteurrena ospatzeko, «handia» egin nahiko lukete. Liburua osatzeko olerki bilketa hasi dute dagoeneko, eta urtarrilaren 15era arte jasoko dituzte. Parte hartzeko gonbidapena olerkari guziei zabaldu diete.

Parte hartu nahi dutenek hurrengo urratsak segitu beharko dituzte: 2-3 olerki bidaltzen ahalko dituzte, eta horrekin batera biografia labur bat, lauzpabortz lerrokoa, eta aurpegiaren argazki bat. Gainera, esaldi bakarrean edo bitan zuretzat zer da zure hatsa (arnasa)? galderari erantzun beharko diote. Denen erantzunekin talde-olerki bat eta bakarra osatuko dute.

Olerkiak bidaltzeko bi modu daude: posta elektronikoaren bidez hatsarenpoesia@gmail.com helbidera idatziz edo posta arruntaz, hurrengo helbidera: Bidasoa Portzelanak 6, 4. B, 20303 Irun, Gipuzkoa, Euskal Herria.

Usaian bezala, olerkiak baldintzarik gabe eta zentsurarik gabe hartuko dituzte eta 2023ko udaberrian argitaratuko dituzte. Honez gain, apirilaren 16an, igandea, liburuaren inguruan oturuntza handi batean elkartuko dira. Liburuaren sar-hitza aspalditik hatsakide den Peio Jorajuriarik eginen du, zoriz hala egokitu zaiolako eta liburuaren azalerako irudia, berriz, Imanol Irigoienek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun