628 langabeturekin bukatu da urtea Doneztebeko enplegu bulegoan

Ttipi-Ttapa 2023ko urt. 4a, 08:00
Azken bi urteotako lamgabeziaren bilakaera.

Azaroan baino 41 gehiago dira

Azaroan baino berrogeita bat langabetu gehiago zeuden apuntatuak Doneztebeko Enplegu Bulegoan abendu hondarrean. Zehazki, 628 dira izena emandakoak, 2021eko abenduan baino bederatzi gehiago.  

Zerbitzuen arloan izan da igoerarik handiena, 32 langabetu gehiago baitira arlo horretan (455). Industria arloan ere hamabortz langabetu gehiago zeuden abendu hondarrean (108). Eraikuntza arloan ere langabetu bat gehiago zegoen (24). Bertze arloetan, aldiz, langabeziak zertxobait beheiti egin du urteko azken hilabetean. Nekazaritza-abeltzaintza arloan lau langabetu guttiago zeuden (17), eta aitzinetik lanik egin gabekoen artean hiru langabetu guttiago (24). Ondoko koadroan herriz herriko datuak eta urtez urteko konparazioa ikus dezakezue.

 

 

 

Urteko bilakaera

2021 urte hondarrean 619 langabetu zeuden eskualdean. Normalean bezala, urtarrilean goiti egin zuen langabetu kopuruak (666) eta otsailean izan zuen urte osoko kopururik handiena (682). Martxoan beheiti egin zuen (645), apirilean zertxobait goiti (654). Hiru hilabetez segidan beheiti egin zuen (maiatzean 637, ekainean 590 eta uztailean 585), baina udako hondarreko bi hilabetetan goiti egin zuen (abuztuan 604 eta irailean 610). Urrian izan zen urte osoko kopururik baxuena, 573 langabetu, baina hondarreko bi hilabetetan berriz goiti egin du (587 azaroan eta 628 abenduan, maiatzaz geroztik izan den kopururik handiena).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun