Ganix Mitxelena Xurio

«Zugarramurdira bueltatu naiz nire txokoa izateko»

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 31a, 09:00

Zugarramurdiko gaztea da Ganix Mitxelena Xurio. Iparraldean ikasketak egin ondotik, Donostian bizi izan da hainbart urtez, informatitako denda batean lanean. Orain, ordea, Zugarramurdira bueltatzea erabaki du, bertan bizi berri bat hasteko asmoarekin.

Nola definituko zenuke zeure burua?

Pertsona apasionatua eta friki xamarra, nahiko alferra ere bai.

Zein dira zure zaletasunak?

Nire zaletasun nagusiak musika, zinema, bideojokoak, sukaldaritza, motoak eta kotxeak dira, bertze gauza aunitzen artean!

Zein ikasketa eta non egin dituzu?

Iparraldean ikasi nuen, BAC Pro sistema elektroniko eta digitalak. Espezializazioa telekomunikazioan eta sareetan egin nuen.

Duela hilabete gutti arte Donostian bizi zinen. Zenbat denboraz izan zara eta zer egiten zenuen han?

Bai, zortzi urtez Donostian bizitzen egon naiz. Informatikako denda batean aritu naiz lanean teknikari eta saltzaile gisa.

Baina orain Zugarramurdira bueltatzea erabaki duzu. Zergatik?

Noizbait etxe bat eraikitzea gustatuko litzaidake, nire txokoa izateko. Donostian hau egitea arras zaila denez, herrirat bueltatzea erabaki nuen!

Donostiatik Zugarramurdira, alde handia dago?

Bai, oraindik egokitzen ari naiz.

Zein nahiago duzu, herria edo hiria?

Biek dituzte bere alde onak eta txarrak, dudarik gabe!

Zer du Zugarramurdik Donostiak ez duena?

Lasaitasuna, familia eta betiko lagunak. Askatasun gehiago ere ematen du.

Eta zer du Donostiak Zugarramurdik ez duena?

Fundamentuzko Internet konexioa, zinemak, mota guzietako dendak oinez minutu guttitara, garraio publikoa…

Zein dira zure asmoak epe motzera?

Lan on bat harrapatzea!

Eta zein dira zure asmoak epe luzera?

Lehen erran bezala, etxe bat eraiki nahiko nuke. Baino lehenago Japoniara garai batez bizitzera joateko ametsa bete nahiko nuke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun