Herri kirol besta handia izan dute Urdazubin abenduaren 8an

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 12a, 20:00
Urdazubiko herri kirol saio ikusgarrian parte hartu zuten hamabortz kirolarietatik hamabi (Urrezko Kopako kanporaketan parte hartu zuten hiru aizkolariak falta dira).

Hodei Ezpeletak lortu du Urrezko Aizkolari Kopako finalerako txartela eta emakumeen lau kirol txapelketan Larrun taldea nagusitu zitzaion Oizi

Min hartuta dagoen Iker Vicentek ez zuen parte hartzerik izan azkenean, baina herri kirol besta handia izan zuten abenduaren 8an Urdazubin. Urrezko Aizkolari Kopako kanporaketan Hodei Ezpeletak lortu zuen finalerako txartela, Julen Gabirondo eta Julen Larrea gibelean utzita.

Bikotekako harri-jasotze lehia estua izan zen eta ehun kiloko aldea bertzerik ez zen izan Goenatxo III.a-Izeta IV.a eta Guzta-Olaizola bikoteen artean. Jasoaldi kopuru berdina egin zuten, 104na, baina Goenatxok eta Izetak 11.725 kilo jaso zituzten eta Guzta eta Olaizoak 11.625.

Lau kiroletan egindako emakumeen herri kirol txapelketan Larrun taldea (Xanta Sousa, Patricia Martin, Maika Ariztegi eta Nerea Sorondo) nagusitu zitzaion Oiz taldeari (Ane Fernandez, Karmele Gisasola Zelai III.a, Garazi Arruti eta Uxue Ansorregi).

Hiru txandetan 25 kiloko txingekin hamabi plaza, 63 kiloko harriari hamar jasoaldi, 9 kiloko ingudearekin 50 jasoaldi eta aizkorarekin 36 ontzako enborra moztu behar izan zuten eta Larrungoek 18 minutu eta 39 segundo behar izan zituzten eta Oizkoek 19 minutu eta 38 segundo.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun