Herri kirol besta handia antolatu dute abenduaren 8an, ortzegunean 12:00etan Urdazubiko pilotalekuan. Hamabortz kirolari lehian ikusteko aukera izanen da, hainbat modalitatetan banatuak eta Urdazubiko udalaren laguntzarekin antolatutako jaialdia Euskal Telebistak emanen du.
Alde batetik, Urrezko Aizkolari Kopa txapelketa Eusko Label Sariko kanporaketa jokatuko dute. Hasiera batea, Otsagabiko Iker Vicente aritzekoa zen, baina min hartuta dago eta ez du aritzerik izanen. Beraz, Urnietako Julen Gabirondo, Barakaldoko Julen Larrea III.a eta Vicenteren ordez Hodei Ezpeleta ariko dira eta irabazleak abenduaren 31n Asteasun jokatuko den finalerako txartela lortuko du.
Modu berean, binakako harri altxatze txapelketako lehia jokatuko dute Urrestillako Xabier Aranburu Guztak eta Zarauzko Xabat Olaizolak, Azkoitiko Jon Unanue Goenatxo III.a eta Aiako Hodei Iruretagoiena Izeta IV.aren kontra.
Azkenik, emakumeen herri kirol txapelketa lau kiroletan (txinga eramatea, harri altxatzea, aizkora eta ingudea) jokatuko dute, launa emakumeko bi talderen artean. Oiz taldean Ane Fernandez (Barrundia, Araba), Karmele Gisasola Zelai III.a (Mallabia, Bizkaia), Uxue Ansorregi (Mendaro, Gipuzkoa) eta Garazi Arruti (Bilbo, Bizkaia)) ariko dira eta Larrun taldean Xanta Sousa lesakarra, Aroa Sanchez (Orio, Gipuzkoa), Nerea Sorondo beratarra eta Maika Ariztegi iturendarra.