Aldaketa handiak izan ditugu berriki eta gehiago ere izanen dira Zugarramurdiko lezearen kontura: alde batetik, herriak Lezapeko belategia erosi duela, 50.000 euroren truke eta bertze aldetik, Lezapetik hasi eta Eltsospeko azpiko aldeko eremuari hesia ematen ari zaiola.
Hesiaren lanak franko aitzineratuak dira: ehun bat metroko burdinezko itxitura egin dute eta bi ateka paratu dituzte, bata Etxeberriko aldera joaki den bidean, eta bertzea Beretxeko borda aldera joaki denean. Ondotik, Lezapeko zerrakura kenduko dute. Lan hauek ordaintzeko 23.570,80 euroko dirulaguntza hartu du udalak.
Pottoka bidean aldaketa
Bertzalde, hainbat ibiltari hartzen dituen Pottoka bideko zati bat aldatuko dute. Honela, Sarabidetik hasi beharrean, Palazioko bordako aitzineko bidetik hasiko da bidea, Beretxeko borda aldera sartu, Artosingo erreka gurutzatu, eta Narkoneko bordako bide zaharretik segituko du. Hemen ere lan batzuk egiten hasiak dira.