Ekitaldi hunkigarria izan zen, oroimenezko solas, bertso, kantu eta aurreskuz hornitua. Bertan izan ziren Miguel Mariren arreba Elvira eta zoritxarreko gau hartan Jesus Mari Iturbiderekin zen Iruingobordako Jesus. Lore-xorta bana jaso zuten.
Miguel Mari Iturbide eta Iruingobordako Jesus eta Juan Pedro anaiak aretze batzuk zeramazkiten Lapurdi aldera azaroaren 7tik 8rako goizalde hartan. Baina 03:00 aldera, Laputsegaraia inguruan guardia zibilaren patruila batekin topo egin eta hauek tiro egin zuten. Miguel Mari Iturbide berehala hil zen. Berriak atsekabea sortu zuen herrian, aski ezaguna eta maitatua baitzen Iturbide.
Gerora, guardia zibilaren bertsioaren arabera, hauek Iturbidek lehenagotik egindako tiroei erantzun zieten eta ETAko kidea zela ere zabaldu zuten, baina herrian inork ez zuen bertsio ofiziala sinetsi. Hori gezurtatzen saiatu ziren hainbat herritar eta Jose Otamendi apeza ere, baina Burgosko Kapitania Generalera ailegatuta artxibatu zuten auzia.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!