Eguberrietako merkatua egin dute Saran

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 28a, 14:00

Sarako Sanjosepe eskolako haurren burasoek antolaturik iragan da hazilaren 26an, larunbatez, Eguberrietako merkatua, Lur Berri gelan. Hamazazpi mahai baziren egun guzian, bat burasoek egina. Azken honetan, gauza guziak burasoek beraiek egina zituzten.

Denek bazituzten gauza ederrak, partikulazki haurrentzat, zeren Eguberriak hurbilduak baitira. Helduentzat ere baziren gauzak, denak bat bertzea bezain ederrak. Guraso batzuek haurrak mozorrotu dituzte. Behar zen ikusi zeinen kontent ziren haur horiek!

Jendea ibili da, bainan ez usaian bezala. Halere, meza ondoan, eguerdi inguruan ibili da jendea eta gauza ainitz erosi dituzte. Horregatik, Arantxa Iparagirre lehendakaria eta batzordeko bere lagunak kontent ziren. Dena ongi pasatu da, kafe beroa edanez goxokiekin, baira taloak xingarrarekin ere. Txoko pilota antolatua baitzuten, edateko eta jateko. Sanjosepe eskolako burasoen elkarteak denak eskertu ditu, Herriko etxea Lur Berri gela eder hori prestatzeagatik, baita burasoak eta borondate oneko jendeak ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun