Azaroak 25

«Jendeak ez daki zer den matxismoa eta hori da arazorik haundiena»

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 20a, 09:00

Aline ORONOZ, Xaretako Feministak taldeko kidea

«Jendeak ez daki zer den matxismoa» eta hori da Aline Oronoz Xaretako Feministak taldeko kidearen irudiko, «arazorik haundiena». Saratarra da sortzez, Zugarramurdi du bizileku eta bere hitzetan, «gizonek uste dute ez direla matxistak, baina lagunen artean, familian eta orokorrean inguru hurbilean ditugu matxistak. Konparazio batera, badira emakumea lagundu nahi duten gizonak. Baina nola lagundu? Zuk ere egin behar duzu nik egiten dudana!».

Gaiaren inguruan «kontzientzia gehixeago» sumatzen du inguruan, eta horren seinale, Sarako talde feministaren sorrera aipatu du, «orain arte Saran ez genuen talderik, orain gutienez badugu». Baina fite bota du galdera: «Noraino ailegatzen da kontzientzia? Emakumeok ere ez dakigu noraino den!». Eta horrek kezkatzen du: «Lehenago gizonek emakumea jotzea hartzen zen indarkeria matxistatzat, orain gizonak emakumeari gaizki solas egitea ere indarkeria matxistatzat ulertzen dugu, baina jendea ez da ohartzen zenbat detaile ttiki dauden». Eta jatetxeko langile den aldetik horri lotutako adibideak aipatu ditu: «jatetxeetan aunitz aldiz ikusi dut gizonak umea besoetan izan, eta platerak ailegatzen direnean umea amarengana joatea. Iduri du amak ez daukala platerik. Edo mahai bat atxikitzeko emakumeek deitu izan dutenean, izena eman behar dutenean zenbat aldiz eman ote dute gizonen izena». Gehiago erran du: «Oraino emakume hitzak ez du balio. Eta ez dut nik erraten, hori estatistikek erraten dute. Oraino gutien pagatuak diren lanen % 80 emakumeok egiten ditugu, edo lan bera egiteagatik gizon batek emakumeak baino gehiago irabazten du lan aunitzetan. Hori ez da onartzen ahal».

«Icebergaren gainean dagoena iduriz hobekiago badago ere, azpian dagoena itsusi-itsusi dago»

Horregatik dio indarkeria matxistak «alderdi ikusezin hori» duela, eta horrez gain, «icebergaren gainean dagoena iduriz hobekiago badago ere, azpian dagoena itsusi-itsusi dagoela» gaineratu du. Ez hori bakarrik, «Internetarekin egoerak makurrera egin duela» dio, «emakume gazteak ikaragarri sufritzen ari dira».

Ezagun batek berriki kontatu dion bertze adibide bat ekarri du mahai gainera: «Bere ikastolan ba omen da 10 urteko haur bat neska laguna duela erraten duena. Neskak 14 urte ditu, eta pausa denboretan neskari bere ondoan gelditzea behartzen dio hamar urteko mutilak. Hori etxean ikusi du». Halako «detaile ainitz» daudela salatu du Oronozek, eta «kontzientzia haurrekin eskoletan lantzen hastearen» garrantzia nabarmendu du, baita «mintzatzeko manera aldatzeko» deia egin ere: «pluralean mintzatzen ari garelarik maskulinoan solastatzeko joera hedatua da».

«Herri ttikietan feminista izatea ez da erraza»

Egoera ikusita, «gora borroka feminista!» aldarrikatu du, eta «emakumeok gizonen askatasuna izateko borroka egin behar izatea ikaragarria» iruditzen bazaio ere, horixe da bere ustez bidea: «segi dezagun borrokan». Dioenez, «herri ttikietan feminista izatea ez da erraza. Nahi dutena erranen dute, baina herri ttikietan feminista bat ez da ongi ikusia». Baina argi du «aitzinera egin behar dugula. Zaila da, ez ditugu gauzak gure alde, baina gizonak bezala guk ere eskubide guztiak ditugula erakutsi nahi diogu munduari eta borrokan segitu behar dugu».

Bide batez, gaueko aisialdian sexu erasoak saihesteko bortz puntuko protokoloa ere hizpide izan du Oronozek: Ez inor bortxatu, ez inori eraso egin, ez inor akusatu, ez inor beldurtu eta ez inor drogatu. Ez badakizu egoten, geldi zaitez etxean».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun