Lorea Zozaia

«Elkarrekin aunitz ikasten dugu eta denok ekartzen diogu zerbait taldeari»

Ttipi-Ttapa 2022ko aza. 13a, 09:00

22 urteko neska saratarra da Lorea Zozaia, «Sarako komitean engaiatua naiz eta aski dinamikoa naiz». Musika, besta, kirola eta natura ditu zaletasun, «eta ikastea maite dut». Hiru urtez Euskal fakultatea egin du eta joan den urtean masterra hasi zuen, «beraz, bosgarren urte hau ene azken urtea da» eta ondotik Seaskan irakasle izateko asmoa du.

Sarako neskak errugbian hasiak

Urte aunitzez eskubaloian aritu izan da Zozaia, eta joan den urtean Sarako emakumezkoen errugbi taldea sortzeko aukera izan zuenean, ez zuen zalantzarik izan; «neskekin bestetan beti erraten genuen errugbi talde bat muntatu behar genuela, asteazken batez zelaian elkar topatu genuen arte…».

«Adrenalina aunitz sortzen da eta giro ona dugu taldean»

Esperientzia «bikaina» izaten ari dela dio; «oroitzapen zoragarriak sortzen ditugu. Adrenalina aunitz sortzen da eta taldean biziki giro ona bada. Denek beti elkar sostengatzen dugu eta izpiritu biziki ona dugu». Zelaian elkartzean, «arazo guziak kanpoan uzten ditugu eta denak elkarrekin momentu onak pasatzen ditugu».

Ligan lehian

Astean bi aldiz entrenatzen dira neskak, asteazken eta ortziraletan, «gutti gorabehera bi orenez», eta aurten ligan lehiatzen hasi dira. Urriaren 22an lehen partida jokatu dute Errioxako Domiberia klubaren kontra, eta baita irabazi ere. «Hor ohartu gara gure indarren balioaz eta gutaz izugarri harro gaude!».

Orain artean egindako lanak bere fruitua eman du, eta taldearen abantzamendua ikusteak «on egiten duela» dio Zozaiak, baina «bide onean» daudela iduritzen bazaio ere, argi du «oraindik aunitz ikasteko badugula. Denek ikasteko eta irabazteko gogoa dugu. Taldeko giro izugarria dugu, horrela segi dezala!».

Errugbiaren alde onena «erronka eta adrenalina» direla dio; «kirol biziki bizia da, baina gehien gustatzen zaidana taldeko kirola dela da. Denok ekartzen diogu zerbait taldeari, eta elkarrekin gauza aunitz ikasten ditugu». Hortaz, momentuz «dena maite duela» dio, eta ez dio alde txarrik ikusten errugbiari.

«Nesken ekipo ttikiak sortzen ari dira eskualdean»

Emakumeak ere kirolari

Eskualdean emakumezkoen errugbia «geroz eta hobeagoa» dela dio Zozaiak, «ekipo ttikiak sortzen ari dira hainbat lekutan. Guk ere gauza politak sortzen ahal ditugu, aupa gu!». Neskak animatzen hasiak direla dio, eta errugbia probatzera animatu nahi izan ditu; «gure taldean Ainhoako, Zuraideko, Uztaritzeko, Urruñako, Sarako eta inguruko neskak gara».

Etorkizunera begira, ez du helburu zehatzik kirol honekin: «ene xedea horrela segitzea litzateke, giro goxoa atxikitzea». Eta noski, «beti ikasteko eta irabazteko gogoarekin!». Azkenik, «ametsak segitu behar direla» adierazi nahi izan du; «izan emazte ala gizon, denok lortzen ahal dugu nahi badugu!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun