'Mapa galduak' musika jaialdia antolatu du Sarako Usopop elkarteak, urriaren 28tik 30era herriko plazan eta Lur Berrin ospatuko dena. Elkarteak jakinarazi duenez, «musikak gaitu elkartzen eta kontzertuak izanen dira nagusi, baina ez bakarrik».
Hain zuzen bi momentu azkar izanen dituzte urriko azken asteburuan: ‘Mugarri 25’ sorkuntza berezia urriaren 30ean, «etxeko zigiluko eta hainbat jatorritik etorritako artista egonaldi bat izanen da eta ‘Zeharkako bideak’, urriaren 29an, «herrian zehar ibilaraziko gaituen ibilaldi sekretu bat». Hastapeneko hitzordua gutun bidez jasoko dute parte-hartzaileek. Hitzordu hau ez da 14 urtez beheitiko haurrentzat egokia.
Bi ekitaldi berezi hauetaz gain, Tarta Relena, Herman Dune, Vulk, Zetkin, Lukiek, Just Mustard, Mursego, Nomadak gaitun, Tirri&Tery eta Kurtney Barnetx taldeen musika aditzeko aukera izanen da Saran. Hiru egunetako sartzeak dagoeneko eskura daitezke eta momentuz, ‘Zeharkako bideak’ ibilaldian parte hartzeko molde bakarra hori da, jakinik parte-hartzaile kopurua mugatua dela.